Elkarretaratzeak Iruñean eta Tafallan, Pitillasen hiru langile hil direla salatzeko

Ostiral honetan bi elkarretaratze egin dituzte Pitillasko txerri haztegi batean hiru langile hil direla salatzeko. ELAk istripua ikertzeko eta laneko segurtasun kontrolak indartzeko eskatu du Iruñean, Nafarroako Jauregiaren aurrean. Tafallan, Lan Osasuneko Intersindikalak aste honetan Bizkaian lanean hil diren beste bi lagunak ere omendu ditu.

2026-ko azaroak 6

Istripua azaroaren 4an, asteazkenez, gertatu zen Pitillasko txerri haztegi batean. ELAk bildutako lehen datuen arabera, hiru langileak oxigeno maila baxuko hobi batean hil ziren. Haietako bi lehen langilea laguntzera sartu ziren.

Goizeko lehen elkarretaratzea Nafarroako Jauregiaren aurrean egin du ELAk, Iruñean, «Hiltzera kondenatzen gaituzue» lelopean. Sindikatuak elkartasuna adierazi die hildakoen senideei, eta istripua nola gertatu zen lehenbailehen argitzeko eta erantzukizunak zehazteko eskatu du. ELAren zenbaketaren arabera, aurten 13 lagun hil dira lanean Nafarroan. Sindikatuak prebentzioan gehiago inbertitzeko eskatu die enpresei, eta baliabide gehiago galdegin ditu Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Instituturako eta Lan Ikuskaritzarako.

Eguerdian, LAB, ESK, STEILAS, EHNE/Etxalde, HIRU eta CGT/LKN sindikatuak Tafallako udaletxearen aurrean elkartu dira. Nafarroa plazan, bost lagun lurrean etzan dira manta termikoen azpian, ekitaldian omendutako bost pertsonak irudikatzeko. Pitillasen hildako hiru langileekin batera, aste honetan Larrabetzun eta Barakaldon lanean hil diren beste bi lagunak ere omendu ditu intersindikalak.

Tafallan irakurritako agirian, sindikatuek enpresetako prebentzio falta salatu dute, eta erakundeek egiten duten kontrola eskasa dela adierazi dute. Patronalak absentismoaz darabilen diskurtsoa ere kritikatu dute, eta ohartarazi dute prekaritateak eta lan erritmoek eragina dutela langileen osasunean.

Gehiago