“Eskubideak ez dira oparitzen, borrokaz eta antolakuntzaz konkistatzen dira eta bide horretan greba mugarri izatea espero dugu”

Ainhoa Mendiluze

EHko Etxebizitza Sindikatu Sozialista

2026-ko azaroak 5

Azaroaren 11 hurbiltzen ari da, etxebizitzarako eskubidearen aldeko greba orokorra egiteko aukeratutako eguna. Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik, nola aurreikusten duzue greba eguna, masiboa izanen dela uste duzue?
Agerikoa da gizartean kezka handia dagoela etxebizitzaren gaiarekin, eta azken asteetan antolatzen ari garen asanblada eta bestelakoetan nabarmena da hori. Oso egoera larrian gaude, urgentziazko egoera batean, langile-klaseak, hau da, gizartearen gehiengoak gero eta zailtasun handiagoak baititu etxebizitza eskuratzeko. Jendea borrokarako gogoz hurbildu da sindikatura, eta, hain justu, hori da greba honen gakoa: langile-klasea gero eta eskala handiagoan antolatzeko eta etxebizitzaren aldeko borrokara gero eta jende gehiago batzeko balio behar du. Gure ustez, hori da aurrerapen erreal eta iraunkorrak lortzeko bide bakarra.

Etxebizitza duinaren aldeko borroka aspaldikoa bada ere, Mari Carmenen etxegabetzeak eragina izan du iritzi publikoan. Zerbait aldatu dela somatu duzue? Kasu honek kontzientziak piztu izan dituela uste duzue?
Espainiako Estatuan eztanda sozial moduko bat eragin duela esan genezake. 2008ko krisiaren bueltan, arreta mediatiko handia lortu zuten etxegabetzeek, baina geroztik ezkutuan gelditu dira hedabideetan behintzat. Ordea, etxebizitza-sindikatuok jakin badakigu eguneroko ogia direla: Euskal Herrian, batez beste 3 etxegabetze gertatzen dira egunero. Mari Carmenen etxegabetzeak balio izan zuen beste etxegabetze guztiei ere ikusgarritasun handiagoa emateko. Egoera horrek sekulako herri-erantzuna sortu zuen, eta Euskal Herrian ere milaka pertsona atera ginen kalera etxebizitza-sindikatuok egindako deialdietan; etxegabetzeen gaia etxebizitzaren arazoaren marko orokorrago batean kokatu genuen, zehazki salatu genuen arazoa etxebizitzaren negozioa zela, eta alderdi politiko guztiak ikusi ditugula etxebizitzaren negoziazioa finantzatzen duten sasisoluzioak proposatzen.

“Etxegabetzeak eguneroko ogia dira: Euskal Herrian, batez beste 3 etxegabetze gertatzen dira egunero”

Esperientzia duzue etxegabetuak izan behar diren pertsonei laguntza ematen, prozesuan laguntza ematen. Nolakoak dira prozesu horiek? Jendeak zer laguntza eskatzen edo behar du?

Sindikatu gisa, edonoren eskura dugu telefonoa eta helbide elektroniko bat, eta aurrez aurreko aholkularitza-saioak ere egiten ditugu Arrotxapean, Garde kalean dugun bulegoan. Etxebizitzarekin askotariko arazoak dituen jendea hurbiltzen da bertara: abusuzko alokairu-kontratuak, alokairuaren prezioaren igoera, kontratua etea, hornidura-arazoak… Orokorrean, maizterrek ezezagutza handia dute beren eskubideez, eta etxejabeak hortaz aprobetxatzen dira inpunitate osoz.

Dena den, uste dugu zabaldu egin behar dugula etxegabetzeen ulerkera. Izan ere, maiz etxegabetzetzat hartzen dira soilik “etxegabetze-agindu” bat duten kasuak, baina ezkutuko etxegabetze deiturikoak askoz gehiago dira: askotan, judizialki halako agindurik izan gabe egoten da jendea behartuta bere etxea uztera: bat-batean kontratua eten diotelako, prezioa igo diotelako, iruzur egin diotelako… Eta horiek denak dira traumatikoak, azken finean norberaren etxea uztera behartzen baitzaituzte.

Jende askok estigma handia sentitzen du etxegabetu behar dutenean: lotsa eta erruduntasun handia dutenez, sistema honek sinetsarazten baitie “porrot pertsonal” batengatik dagoela etxegabetze-arriskuan. Etxebizitza-sindikatu batean antolatzeak aukera ematen dio egoera horretan dagoen edonori ikusteko ez dagoela bakarrik, tamalez jende asko dagoela egoera antzekoetan, injustua den sistema baten ondorioa dela eta borrokak merezi duela. Azken finean, egoera hori politizatu eta borroka-prozesu bat martxan jartzen da. Halako egoera batek eragin handia du norberaren egoera emozionalean, eta etxebizitza-sindikatuan kolektiboki lantzen da babes emozional hori, bai eta babes teknikoa ere –juridikoa, komunikatiboa, azpiegiturakoa–.

“Jende askok estigma handia sentitzen du etxegabetu behar dutenean: lotsa eta erruduntasun handia dutenez, sistema honek sinetsarazten baitie “porrot pertsonal” batengatik dagoela etxegabetze-arriskuan”

Azken asteetan, Nafarroan funts putre batzuen eskuetan dauden hainbat etxebizitza arriskuan daude. Ia 500 familia etxegabetze arriskuan dira. Honen aurrean, zer egin behar da? Posible al da etxebizitza horiek funts putreei desjabetzea? Zer eskatzen diezue agintari publikoei?

Hasteko eta behin, erabateko zentzugabekeria iruditzen zaigu 1990eko hamarkadan eraiki ziren alokairu sozialeko etxebizitza horiekin hasieratik egin dena: zoru publikoan eraiki ziren, diru publikoz lagundu ziren eraikuntza-lanak, eta gero baita alokairuak ere. Urte hauetan zehar, diru publikoaren kantitate izugarriak lortu dituzte haiekin eraikuntza-enpresek eta jabe pribatuek (tartean banketxe eta putre funtsek, haien jabeak izan baitira). Eta, hori gutxi balitz, babes ofiziala bukatu zaienean, jabe pribatu batek nahi duena egin dezake familia horiekin guztiekin, eta erabaki dezake denak kanporatu eta etxe horiek denak saltzea, diru gehiago ateratzeko. Nola da posible hori guztia babes ofizialekoak izandako etxe batzuekin? Kasu honek oso modu gordinean uzten du agerian administrazio publikoek etengabe darabilten formula: lankidetza publiko-pribatua, diru publikoa irabazi pribatuetarako.

Testaren maizterren kasuan, bizilagunek urteak daramatzate borrokan, eta horrek presioa eragin du Nafarroako Gobernuarengan, etxe horiek guztiak eros ditzan. Etxebizitza-kontseilariaren azken adierazpenen arabera, badirudi erosketa hori planteatzen ari direla, eta hori betetzen bada eta maizterrek beren etxean gelditzerik badute, jakina, lasaitu handia hartuko dute maizterrek. Kontua da ikuspegi orokorretik begiratuta eta operazio horretan diru publikoa ematen zaiola putre funts bati, negozioa egiten jarrai dezan.

Guk greba honetarako, sakoneko hiru eraldaketa proposatzen ditugu: espekulatzaileak espropiatzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitza eta baliabideak langile-klasearen beharren arabera planifikatzea. Aldarri hauek, kasu konkretu honetan, esan nahi dute Testari etxebizitza guztiak ordainik gabe espropiatzea. Ez da onargarria etxebizitza bezalako behar sozial bat erabilera espekulatibora bideratzea, eta kontuan izan behar dugu espekulatzaileek pilatutako aberastasun guztia langile klaseak ekoitzi duela, edo gure soldatak arpilatzetik lortu dutela. Beraz, etxebizitza horiek langile klasearen eskura jarri behar ditugu bai, baina Testa bezalako espekulatzaileei zentimo bat ere ordaindu gabe.

Hiru premisa horiek ezin dira guztiz bete estatu kapitalista batean, baina norabide bat markatzen digute hurrengo pausoetarako. Baina larrialdi-egoera batean gaude, eta agintari publikoei exijitu diezaiekegun gutxienekoa da hartzen dituzten berehalako neurriak etxebizitzaren negozioaren kontura hartzea, ez etxebizitzaren negozioa finantzatuz. Izan ere, gutxiengo neurriak eraginkorrak izateko, adibidez alokairu prezioen jaitsiera esanguratsua edo etxegabetzeak bertan behera gelditzea, beharrezko baldintza da negozioaren interesak jo-puntuan jartzea. Etxebizitzaren arazoan ez dago win-win posiblerik, hori saldu nahi diguten arren.

“Sakoneko hiru eraldaketa proposatzen ditugu: espekulatzaileak espropiatzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitza eta baliabideak langile-klasearen beharren arabera planifikatzea”

Azken deia herritarrei greba orokorrari begira?

Ulertzen dugu etxebizitzak eskubide bermatua izan behar duela, osasungintza eta hezkuntza bezala. Horretarako, beharrezkoa iruditzen zaigu langile-klasearen antolakuntza indartsu bat eratzea, alderdi instituzionalekiko independentea, eta bide horretan kokatzen dugu greba ere. Izan ere, langile-klasearen antolakuntzatik etorri dira historian zehar aurrerapenik handienak, tartean 8 orduko lanaldia eta sufragio unibertsala. Greba hau aukera guztiz aproposa da gure aldarriak kaleetara ateratzeko eta klase gisa indarrak batzeko prozesuan jarraitzeko; ezin dugu utzi alderdi politikoek interes elektoraletarako erabil dezaten. Izan ere, bestela soluzio partzial edo behin-behinekoekin konformatzeko arriskua izan dezakegu, eta horrek etxebizitza-sindikatuen borroka desaktibatzera eraman gaitzake. Hauteskunde-zikloez eta politika instituzionaletik haratago ulertzen dugu etxebizitzaren borroka; ulertu behar dugu bizi garen sistema honetan eskubideak ez direla oparitzen, borrokaz eta antolakuntzaz konkistatzen direla. Bide horretan greba mugarri izatea espero dugu.

Gehiago