Angelun bortxatua izan ondoren bere buruaz beste egin zuen neska gazte baten heriotza indarkeria matxista dela salatu dute
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak elkarretaratzea egin du astelehen arratsaldean Euskal Herriko hainbat hiriburutan, irailaren 11n Baionan izandako bortxaketa baten ondorioz Angeluko 19 urteko neska baten heriotza salatzeko. Erasotzailea behin-behineko espetxealdian dago.
2026-ko urriak 19
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak ohar batean adierazi duenez, «horrek indarkeria matxistak gure bizitzan eta ongizatean dituen ondorioei buruz hausnartzera behartzen gaitu, bai eta indarkeria horren adierazpen eta ondorio desberdinak aztertzeko beharrari buruz hausnartzera ere».
Gainera, erakundeen erantzukizuna azpimarratu du, arreta, babesa eta erreparazioa. «Indarkeria matxistaren aurrean prebentzioa, arreta integrala eta laguntza egokia bermatzeko erantzukizuna dute. Horrek eskatzen du sexu-indarkeria salatzen duten emakumeen beharrak zentroan kokatzea, laguntza psikologikorako eta sozialerako sarbidea bermatzea eta prozesu osoan babesa eskaintzea», adierazi dute.
Angeluko kasuan, “sexu-indarkeria salatu ondoren gazteak jaso zuen arreta eta babesa argitzea eta emakumeen beharrei erantzuteko behar diren baliabideak bermatzea” eskatu du. Ez da nahikoa indarkeria gaitzestea: baliabideak, arreta eta benetako konpromiso politikoa behar dira».
Indarkeria matxistak «gure bizitzei eta ongizateari eragiten die, eta ezinbestekoa da adierazpen eta ondorio horiek ikuspegi feministatik aztertzea», adierazi dute, «emakumeen esperientziak, sufrimendua eta bizi-baldintzak erdigunean jarri behar ditugu, indarkeria horren errealitatea ulertzeko eta horri aurre egiteko».
Eta gizonak interpelatu ditu beren erantzukizuna har dezaten. «Indarkeria matxista ez da emakumeen arazoa, gizarte osoak aurre egin behar dion egiturazko arazoa da. Zuen isiltasuna konplizitatea da. Zuzenean interpelatzen zaituztegu: hautsi itun patriarkalak, utzi gure bizitzak kontrolatzeari eta hasi zuen pribilegioak eta indarkeriaren mekanismoak desegiten. Erantzukizuna zuena da», gogorarazi diete.
«Autodefentsa feminista da gure apustua»
«Ez gara biktimak, subjektu politikoak gara. Autodefentsa feminista ez datza bakarrik nork bere burua defendatzean, baita gure artean aliantzak eraikitzean ere. Emakumeen bizitzak eta ongizatea* erdigunean jarriko dituen gizarte bat eraiki nahi dugu, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak aitortu eta horien aurrean erantzuteko gai izango dena. Horregatik, elkarrekin antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu, gure askatasuna eta bizitza duina izateko eskubidea defendatzeko», azpimarratu dute.
