Naparra terrorismoaren biktima dela hirugarrenez ukatu du Espainiako Gobernuak, eta familia Nafarroako Gobernuaren erabakiaren zain dago ordaindik
2026-ko urriak 19
Iturria: Argia.eus
José Miguel Etxeberria “Naparra”-ren familiak salatu du Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak hirugarren aldiz ukatu diola Naparrari terrorismoaren biktima izatea. 2008an eta 2013an ere atzera bota zituen eskaeran, argudiatuta ez zegoela argi haren desagerpena nork eragin zuen.
Eneko Etxeberria Naparraren anaiak, Agus Hernan GEB Giza Eskubideen Beatokiko ordezkariak eta Pilar Garaialde Egiari Zorreko kideak pasa den astean Donostian egin zuten agerraldia, ukapen berri hori salatzeko, eta Naparra terrorismoaren biktimatzat aitortzeko. Euskal erakundeetan ere Naparrari ez zaio oraindik aitortu estatu terrorismoaren biktima izatea. Hori da hain zuzen ere, behin eta berriz familiak eskatzen duena, argudiatuta Batallón Vasco Español (BVE) talde parapolizialak hiru aldiz bereganatu zuela haren desagerpena eta hilketa.
Etxeberria Komando Autonomoetako kidea zen –lehenago ETAko kidea ere izana zen– 1980ko maiatzean Ipar Euskal Herrian desagerrarazi zutenean.
Bi tesi egon ohi dira desagerpenaren inguruan: batzuek esaten dute ETAk desagerrarazi zuela Naparra, bi erakundeen artean zeuden istiluak tarteko; ETAk beti ukatu du hori. Gaur egun onartuago dagoen beste bertsioaren arabera, BVEk desagerrarazi zuen, orduan Ipar Euskal Herrian euskal errefuxiatuen ingurua kolpatzeko eta orduko erakunde armatuen arteko giro nahasia sustatzeko.
Bertsio horietatik datoz egungo arazoak ere. Joan den apirilean, Naparra Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren erakusketa batean biktimatzat aitortu zuten, iradokita ETAk desagerrarazi zuela. Naparraren familiak handik kentzeko eskatu zuen, han esaten zenaren kontra, haien senidea BVEk hil zuelako.
Pilar Garaialdek azpimarratu zuen familiak ia mende erdi daramala egiaren bila, baita zerbitzu parapolizialak babesteko zigorgabetasunaren aurka egiten ere. Haren ustez, ukapen berri honek familia “berriz biktimizatzen” du.
Espainiako Barne Ministerioaren ustez ez dago nahiko zantzu esateko Naparraren desagerpena terrorismoaren eraginez izan zela. Agus Hernanek adierazi zuenez, “ETAko biktima batzuei buruz arituko bagina, inoiz ez zen jarriko zalantzan halakorik”. Eta jarri zuen adibide gisa 1973an Ipar Euskal Herrian desagertu ziren hiru galiziarren kasua. ETAri leporatzen zaio desagerpena, ETAk inoiz ez du onartu, baina haiek terrorismoaren biktimatzat hartzen dira.
Eneko Etxeberriak, halaber, bere mina azaldu zuen Nafarroako Gobernuak ere oraindik ez duelako onartu Naparra biktima gisa. 2016ko motibazio politikoa eta funtzionario publikoen biktimen foru legearen babesean egin zuen eskaera hori familiak, eta Etxeberriak deitoratu du oraindik ere helburu horren atzean ibili beharra. Kexu agertu zen Ana Ollo kontseilariarekin, bere ustez gaur egun Naparra biktimatzat hartzeko, “borondatea besterik ez delako behar”.
