Naparraren desagerpenari buruzko dokumentu sekretuak desklasifikatzeko eskatu du GEBehatokiak

Naparraren desagerpenaren 46 urte bete direnean, Espainiako Gobernuari informazio garrantzitsua argitara dezala eta gorpuzkien kokapena zehazteko neurriak har ditzala eskatu dio GEBehatokiak.

2026-ko ekainak 10

Bihar, 46 urte beteko dira Jose Miguel Etxeberria Alvarezen bortxazko desagerpena gertatu zenetik. Urteurrenaren atarian, Giza Eskubideen Euskal Behatokiak (GEBehatokia) jakinarazi du euskal diputatu eta senatari guztiei idatzi diela, Espainiako Gobernuari eskatzeko Naparraren bahiketa, desagerpena eta gorpuzkien ezkutatzea argitzeko izan ditzakeen CESID/CNIren dokumentuak berehala desklasifika ditzala.

GEBehatokiaren arabera, eskaerak arreta berezia jartzen du Ramon Francisco Arnau de la Nuez agente ohiaren deklarazioan. Hark publikoki adierazi zuen Espainiako inteligentzia zerbitzuetan lanean ari zen garaian Etxeberriaren gorpuzkien kokapenari buruzko informazio zuzena izan zuela. Horrez gain, familiari Frantziako Landetako Brocas herrian ustez lurperatuta dagoen tokiaren deskribapena helarazi ziola gogorarazi dute.

Ekimen hau GEBehatokiak aurretik iragarritako beste bi jardueraren osagarri da: alde batetik, Naparra terrorismoaren biktima gisa aitortzeko eskaera berria aurkeztea; eta, bestetik, Nazio Batuen bortxazko desagerpenei buruzko lantaldeari kasuaren inguruko aurrerapen eskasen berri ematea eta Espainiako zein Frantziako gobernuen esku-hartzea berriro eskatzea.

Behatokiak azaldu du eskaera Espainiako Konstituzioaren 29. artikuluan jasotako eskaera egiteko oinarrizko eskubidean eta Kongresuko zein Senatuko araudietan oinarritzen dela. Testuinguru horretan, gogorarazi dute Naparra 1980ko ekainaren 11n ikusi zutela azken aldiz bizirik Ipar Euskal Herrian, errefuxiatuta zegoela. Garai hartan Komando Autonomo Antikapitalistetako militantea zen, eta Batallon Vasco Españolek hainbat aldiz bere gain hartu zituen haren bahiketa eta ondorengo exekuzioa.

GEBehatokiaren iritziz, Arnau de la Nuezen testigantzak adierazten du inteligentzia zerbitzuek garai hartan lurperatze klandestinoari buruzko informazioa jasotzen zuten txosten edo dokumentuak izan zitzaketela. Dokumentazio hori existituz gero, gaur egun oraindik Estatuaren esku egon litekeela eta sailkatuta jarraitzen duela salatu dute.

Horregatik, hiru neurri zehatz eskatu dituzte. Lehenik, dokumentazioaren desklasifikazio partziala gehienez hiru hilabeteko epean egitea, gorpuzkiak aurkitzeko ezinbestekoa den informazioa soilik argitaratuz. Bigarrenik, Inteligentzia Zentro Nazionalak Frantziako agintari judizialei gorpuzkien kokapenari buruzko informazioa helaraztea, beharrezko indusketa eta identifikazio lanak egin ahal izateko. Hirugarrenik, desklasifikazioari uko eginez gero, Gobernuak Kongresuan azalpenak ematea eta derrigorreko desagerpenei lotutako sailkatutako dokumentuen inguruko informazioa eskaintzea.

Bestalde, GEBehatokiak kritikatu egin du Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren jarrera. Salatu dutenez, familiak eta Patronatuko zenbait erakundek hala eskatu arren, zentroak ez ditu kendu Jose Miguel Etxeberria Alvarezi buruzko aipamenak erakusketatik.

Behatokiaren ustez, erabaki horrek biktimen eta haien senideen iritzia baztertzen du, eta estatu-indarkeriaren biktimek pairatzen duten diskriminazioa eta birbiktimizazioa areagotzen ditu. Horren aurrean, egia, justizia eta erreparazioa bermatzeko urrats eraginkorrak eskatu dituzte berriro.

Gehiago