Erriberako 60 familia etxegabetuak izateko arriskuan daudela ohartarazi du Haritu etxebizitza sindikatuak
Nafarroako Erriberan, Cintruénigon eta Fiteron, Euskal Herriko beste hainbat lekutan bezala, etxegabetze mehatxuen kontra borrokan ari dira bizilagunak. Kasu honetan, putre funtsen aurka mobilizatu dira bi herriotako 60 etxebizitza baino gehiagoko herritarrak. Babes ofizialeko izaera galdu eta merkatu librera pasata, enpresa handien eta putre funtsen eskuetara igaro dira, zeintzuek etekin ekonomikoa pertsonen gainetik jartzen dituzten, bizilagunek eta haiekin elkarlanean ari den Haritu etxebizitza sindikatuak salatu dutenez.
2026-ko urriak 15
Iturria: Argia.eus
“Fiteroko 19 eta Cintruénigoko 47 etxebizitzak, zeintzuetan langile familia, adin txikiko eta pertsona nagusi asko bizi diren, urteetan ari dira sufritzen etxebizitzaren negozioaren ondorioak”, diote bizilagunek. azaldu dute etxebizitza horiek duela hogei urte eraiki zituztela enpresa pribatuek, eta zeukaten helburu sozialagatik, diru-laguntza publikoak jaso zituztela, baita pizgarri fiskalak ere. Azken urteetan, babes ofizialeko kalifikazioa behin betiko galduta, jabetza hainbat banku, higiezinen enpresa eta inbertsio funtsen eskuetatik igarotzen joan da: Banco Santander, Altamira, Cerberus, Global Pantelaria, Apollo, Solvia…
“Jabetik jabera igarotze hori dela-eta, erabateko ziurgabetasun egoeran izan dira maizterrak”, diote kaltetuek, “jabetzaren titularra nor den edota kontratuekin zer gertatuko den jakin gabe, alokairuen igoera progresibo eta justifikaziorik gabekoei aurre eginez, mantenu ezagatik eraikinen egoerak txarrera egiten duela, eta, icebergaren mutur gisa, etxegabetze-prozedurak, emaitza izanik familiak kaleratzea. Hori guztia, administrazio publikoetatik nahikoa informazio jaso gabe”.
Mobilizazioek fruituak ematen dituzte
Cintruénigon, herritarren mobilizazioek, Haritu etxebizitza sindikatuaren lanarekin batera, 47 etxegabetze-prozedurak geratzea lortu dute, baita kontratu eskuragarri eta iraupen luzeagokoak negoziatzea. Fiteron, aldiz, egoerak “kezkagarria” izaten jarraitzen du. Solvia da eraikinen kudeatzailea, Intrum inbertsio funtsari lotutako enpresa. Baina, eraikinen jabeak Cerberus inbertsio funtsa eta Banco Santander dira. “Eta, horiek, uko egin diote alokairu kontratuak berritzeari, eta etxegabetze-prozedurak ari dira abiatzen”. Maizterrek salatu dute behin etekina aterata, etxebizitza horiek saltzea beste helbururik ez dutela enpresa horiek, “bizilagunen etxebizitzarako eskubideari bizkarra emanda”. Zentzu horretan, Cintruénigo eta Fiteroko bizilagunek nabarmendu dute bertan gertatzen ari dena ez dela kasu isolatua, “errentagarritasun ekonomikoa pertsonen gainetik jartzen duen etxebizitza-ereduaren ondorioa baizik”. Hori horrela, eskatu dute higiezinen espekulazioa geratzeko, alokairu kontratu eskuragarriagoak bermatzeko, etxegabetze-prozedurak geratzeko eta babes ofizialeko izaera galdu duten etxebizitzak parke publikora gehitzeko, besteak beste.
Nafarroako bi herriotako bizilagunek argi dute mobilizazioei eutsiz gero “emaitzak lortzen direla”, baina, era berean, botere publikoek berandu baino lehen esku hartzea ere beharrezkoa dela diote, maizter gehiago etxetik kanporatuak izan daitezen eragozteko. Haritu etxebizitza sindikatuarekin elkarlanean ari dira herritarrak ekimenak antolatzen. Datorren urriaren 17an, esaterako, asanblada irekia deitu dute Fiteroko Calatrava antzokian (12:00etan), egoeraren berri eman eta aurrera begirakoez aritzeko.
Gehiago
ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek bat egiten dute azaroaren 11ko greba orokorra deialdiarekin etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko
1
“Etxebizitzaren auziarendako berehalako erantzun bat” eskatu du Ernaik zenbait herrietan egindako mobilizazioetan
1
