“Jarraipen zabala” izan zuen Nafarroako teknikariek deitutako lehenengo greba egunak lehen lan hitzarmenaren alde

Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek eta laguntzaileek larunbatean deitutako grebak jarraipen zabala izan zuela baieztatu du LAB sindikatuak. Kultur jarduera batzuk bertan behera geratu ziren, besteak beste Gayarre Antzokian, Baluarten eta Civivox Pompelon aurreikusitako hainbat ikuskizun eta emanaldiak.

2026-ko urriak 12

Nafarroako ikuskizunetako teknikariek eta laguntzaileek arrakastatsutzat jo dute larunbatean deitutako greba eguna, 2023an hasitako sektoreko lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazioan lan-baldintza duinak eta behin betiko aurrerapenak eskatzeko.

Kolektiboak urteak daramatza hobekuntzak eskatzen. 2021ean grebara jo zuen patronala negoziazio mahaian esertzera behartzeko. Bost urte geroago, mobilizatu egin da, behin betiko aurrerapenik ez dagoelako, eta negoziazioak akordio bihurtzea eskatu du. “2023tik ari gara hitzarmen hau negoziatzen, sektorearentzat hobekuntzak sinatzeko garaia da!”, aldarrikatu dute langileek.

LAB sindikatuaren arabera, mobilizazioak agerian utzi du “sektorearen kohesioa”. Sindikatuak dioenez “dimentsio txikiak eta jardueraren berezitasunak gorabehera, babes- eta antolaketa-sareak indartu ditu. Soldatapeko langileak eta autonomoak deialdian inplikatu dira, eta kolektiboaren ustez, arrakastatsua izan da”.

Era berean, sektoreak eskerrak eman dizkie grebari elkartasuna adierazteko ekitaldiak bertan behera utzi dituzten kultur konpainiei eta musika taldeei. Hamar musika taldek baino gehiagok teknikarien aldarrikapenak babestu dituzte.

Mobilizazioaren ondoren, kolektiboak AESTANi bere erantzukizuna bere gain hartzeko eta hitzarmena sinatzeko beharrezko urratsak emateko eskatu dio. Datozen egunetan aurrerapenik edo negoziatzeko borondatearen seinalerik ez badago, mobilizazioekin jarraituko duela ohartarazi dute.

Gehiago