Iruñea mila kolorez eta zaporez bete da faxismoaren eta arrazakeriaren aurka, eta pertsona guztientzako bizitza duinen alde
Iruñeko Arrozak ekimenak bultzatuta eta Elkarrekin amestu! Elkarrekin borrokatu! lelopean, manifestazio batek Nafarroako hiriburuko kaleak zeharkatu ditu eguerdian, Antoniuttitik Udaletxeraino. Ondoren, jardunaldiak Txantreako Irubide parkean jarraitu du, munduko hainbat tokitako arrozak dastatzeko aukerarekin.
2026-ko urriak 12
Milaka lagunek parte hartu dute mota guztietako 100 erakunde baino gehiagoren babesa duen ekimenean, ezberdinen arteko aliantzak ehuntzeko, olatu erreakzionarioari aurre egiteko eta pertsona guztientzako bizitza duinak aldarrikatzeko helburuarekin, haien jatorria eta izaera edozein direla ere. Manifestazioa amaitzean, Udaletxean egindako ekitaldian, euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz egin dituzten ondoz-ondoko hitzartzeetan, ezberdintasunen gainetik elkarrekin borrokatzeko eta munstro faxistaren aurrean mila koloreko harresia eraikitzeko beharra aldarrikatu dute.
Irubiden, milaka lagun elkartu dira zerbitzatu diren 100 arroz baino gehiago dastatzeko, jatorri askotariko errezetekin prestatuak. Euskal dantza taldeek eta Ekuador, Peru, Kolonbia, Nigeria eta beste hainbat herrialdetako kultur taldeek parte hartu dute, DJekin eta txikientzako hainbat jarduerarekin batera. Egitarauak arratsaldean jarraituko du, Hip Hop Saga, Plazeratu eta Colectivo Satelite taldeen emanaldiekin, baita Tx Fitnessek gidatutako Hall Dance saio kolektibo batekin ere.
Antolatzaileek erabateko arrakastatzat jo dute deialdia, eta hiri osoari borrokan jarraitzeko deia egin diote, Iruñea erresistentzia antifaxistaren, arrazakeriaren aurkako borrokaren eta elkartasunaren hiriburu bihur dadin.
