ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek bat egiten dute azaroaren 11ko greba orokorra deialdiarekin etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko
Euskal sindikatuek beste eragile sozial eta sindikalekin lanean ari dira aldarrikapenak eta grebaren beste zehaztapenak adosteko.
2026-ko urriak 7
Greba orokorra azaroaren 11n izango dela aurreratu dute gaur Estatu mailako hainbat eragile eta CCOO eta UGT sindikatuek. Data honekin baina aldarrikapen eta eduki propioekin greba orokorra deitzeko lanean ari dira ELA, LAB, STEILAS eta ESK euskal sindikatuak.
Horrela adierazi dute ohar bidez hirurek. “ELAk Hego Euskal Herritik jorratzea lehenetsiko du: horregatik, lanean jarraitzen du etxebizitzako sindikatuekin eta gainerako eragile sozial eta sindikalekin erakunde guztiei presioa handitzeko, batez ere EAEn eta Nafarroan, hemengo Gobernuek arlo horretan eskumen zabalak baitituzte”, dio sindikatu honek.
LABek zehaztu du bihar dagokion erabaki organora, Nazio Biltzarrera, eramango duela azaroaren 11n greba orokorra egiteko proposamena. “Soldata eta etxebizitza duinak denontzat helburu, lantokiak itxi eta kaleak beteko ditugu. Olatu erreakzionarioari eskubide berrien aldeko borrokarekin erantzungo diogu: alokairu mugagabeen eta prezioen jaitsieren alde, langile guztion bizi baldintzak bermatzeko beharrezkoak diren soldata duinen alde, patronalei aurre egin eta bertako instituzioek errentismoaren aldeko politikak egiteari utzi diezaioten exijitzeko”.
ESK, bere aldetik, bat egiten du deialdiarekin eta uste du langileria bizi ari den egoera dela eta “gero eta beharrezkoagoa dela bizitza duinak izatearen eskubidearen aldeko Greba Orokorra gauzatzea. ESK-rentzat bizitza duin bat izateko ezinbestekoa da etxebizitza eskubidea bermatzea”. Sindikatu honek ere zehaztu du bihar bilduko duela bere Batzorde Nazionala erabakia berresteko.
STEILASek azaroaren 11n etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrean parte hartzeko prest dagoela ere adierazi du. “Etxebizitza eta lan duina lortzeko zailtasunak dira egungo gizartearen kezka iturri nagusi. Neurriz kanpoko prezioek, alokairu onartezinek eta espekulazioak gero eta pertsona eta familia gehiago kanporatu ditu beren herri eta auzoetatik. Euskal Herrian ere pairatzen dugu egoera hori, eta ezinbestekotzat jotzen dugu gure errealitate sozial, politiko eta sindikal propiotik erantzutea. Ez dugu onartuko, ordea, mobilizazioa PSOEk etxebizitza arloan dituen politikak legitimatzeko tresna bihurtzea, are gutxiago PSOE konponbidearen parte gisa aurkeztea, bizi dugun larrialdi egoera honetara eraman gaituen alderdia baita”.
STEILASek, bihar osteguna, deialdia eta mobilizazioan parte hartzeko modua jorratuko ditu bere organo erabakiorretan.
EAE eta Nafarroako gobernuei deia
ELAk ohartarazi du Estatuko erkidegoek badutela etxebizitzan politikak erabakitzeko eskumena eta krisia gainditzeko neurriak har ditzaketela. “Ezin da justifikatu etxebizitzaren krisi betean ere -gure gobernuek urte askotan egin dituzten politika ezin okerragoen ondorio izan den krisian-, egun indarrean diren eskuduntzak behar bezala erabiltzeko aukera ez baliatzea”. ELAren iritziz, Gasteizko eta Iruñeko Gobernuek, baita espainiar Gobernuak ere, orain arte garatu izan dituzten politikak goitik behera aldatu behar dira. “Ez da onargarria politika publikoaren xedea jabeen, eraikuntza enpresen eta funts putreen errentagarritasuna izatea. Lehentasuna izan behar da etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzea”.
Etxebizitza larrialdiari aurre egiteko “egiturazko neurriak” behar direla uste du LABek. “Ardura du Espainiako Gobernuak, eta baita EAEko eta Nafarroako gobernuek ere. Egungo autogobernu maila mugatua ez da erabili langileen bizitzak hobetzeko, patronalaren interesak egon dira erdigunean. EAJ Madrilen higiezin patronalaren alde lerrokatu da; eta berak zuzentzen duen Jaurlaritzak etxebizitzaren eskubidearen eta gutxieneko soldata propioaren aldeko neurriei bizkarra eman die. Horregatik, LABek EAJri exijitzen dio Madrilen zein Euskal Herrian langileen prekarizazioa sakontzen duten neurriak ezartzeari uzteko”. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatuko die “Euskal Herrian langileei bizkarra ematen dieten neurriak ezartzeari uzteko. Izan ere, Madrilen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian posible dira”, dio LABek.
Gehiago
1
“Etxebizitzaren auziarendako berehalako erantzun bat” eskatu du Ernaik zenbait herrietan egindako mobilizazioetan
1
