Etxebizitza duinaren aldeko greba orokorra gorpuzten ari da Euskal Herrian: ELA, LAB, CCOO, UGT sindikatuek babesa eman diote deialdiari
Maizterren sindikatuek eta hainbat eragilek egindako eskaerei erantzunez, langile sindikatu batzuk greba deialdi bat bultzatzeko prest agertu dira. Atzo, CCOO eta UGTk udazkenean 24 orduko lanuzte bat egiteko deialdia iragarri zuten. Gaur, berriz, ELAk eta LABek Hego Euskal Herrian beste sindikatu eta eragile sozialekin batera greba orokor bat antolatzeko prestutasuna agertu dute. LABek «Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorrerako deialdia adosteko» proposamena egin du, eta ELAk, berriz, «presioa handitzeko» beharra azpimarratu du.
2026-ko urriak 6
Etxebizitza lehen mailako kezka soziala da Estatu espainolean eta baita Euskal Herrian ere. Hori begibistan gelditu da azken asteotan gertatu den guztiarekin, eta greba orokorra egitearen aukerak indarra hartu du azken egunetan. Maizterren sindikatuek eta elkarte batzuek aukera hori aztertzen ari ziren sindikatuekin batera, eta atzo jarri zen mahi gainean udazkenean egiteko deialdia, Estatu espainoleko hauteskunde orokorren atarian. CCOO eta UGT sindikatuek aukera horri baiezkoa eman eta gero, Euskal Herrian zer gertatuko den ikusteke badago ere, ELA eta LAB sindikatuek aurreratu dute kalera ateratzeko prest daudela.
“Langile guztioi eragiten digu, eta etxebizitzaren garestitzea eta espekulazioa langileak pobretzeko eta langileen arteko arrakaletan sakontzeko arrazoi nagusietako bat da”, azpimarratu du LABek, nabarmenduz emakumeei, gazteei eta langile migratuei bereziki eragiten dien arazo bat dela.
LABek langileen aldeko politiken alde borrokatzen du, politika birbanatzaileak aldarrikatzen ditu. Hori da eskuin muturrari ateak ixteko bidea. Izan ere, bete-betean bizitzen ari gara talka bat: sakonean birbanaketa politika justuen, gehiengoen interesen, eskubideen zabalpenaren, eta, oro har, bizitzaren aldeko defentsa, batetik, eta pribilegiatuen, errentismoaren, negozioaren eta kapitalaren agenda erreakzionarioa, bestetik. Talka horretan, etxebizitza eskubidearen aldeko borroka, langileak pobretzeko eta prekarizatzeko elementu nagusietako bat izanik, agenda erreakzionarioari aurre egiteko borroka nagusietako bat bihurtu da.
Sindikatu abertzaleak gogora ekarri du udaberrian gutxieneko soldata propioaren aldeko greba egin zela Hego Euskal Herrian, eta etxebizitzan ere sindikalismo eraldatzailea egitea beharrezkoa dela. Horrekin batera “egiturazko neurriak” eskatu diru etxebizitza larrialdiari aurre egiteko, eta ardurak Espainiako Gobernuarena eta baita EAEko eta Nafarroako gobernuenak direla.
“EAJk, orain arte, argi erakutsi du Madrilen noren interesak defendatzen dituen: higiezinen patronalaren eta, finean, espekulatzaileen alde aritu dira jeltzaleak. Hego Euskal Herrian, berriz, etxebizitzaren eskubidearen eta gutxieneko soldata propioaren aldeko neurriei bizkarra eman diete. Horregatik, LABek EAJri exijitzen dio Madrilen zein Euskal Herrian langileei bizkarra ematen dioten politikak ezartzeari uko egiteko. Norabide horretan, Madrilen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian posible egiteko aukera dagoela uste du LABek, egiturazko aldaketak, eta norabide horretan neurriak hartzeko exijitzen die EAEko eta Nafarroako gobernuei”, dio sindikatuak. Hala nola, alokairu mugagabeak ezarri eta etxebizitza prezioak jaistea, etxegabetze guztiak gelditzea, funts putreen esku dauden etxebizitzak berreskuratzea eta errentismoa elikatzen duten politika publikoekin amaitzea eskatzen du sindikatuak.
“Langileon bizi baldintza duinen alde egitea soldatak hobetzeko borrokatzea da, baina baita herritar guztiek etxebizitzarako sarbidea ziurtatua izan dezaten borrokatzea da. Biak ala biak dira ezinbestekoak langileen pobretzeari eta prekarizazioari aurre egiteko”, dio LABek. Iragarri duenez, dagoeneko Hego Euskal Herrian beste sindikatuekin eta eragile sozialekin “Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokor baterako deialdia adosteko lanean” ari da sindikatua.

ELA beste eragile sozial eta sindikalekin lanean ari da aldarrikapenak eta grebaren beste zehaztapenak adosteko
ELA sindikatuak ere iragarri du prest dagoela etxebizitzaren gaiari helduko dion greba orokorra deitzeko. “Hego Euskal Herritik jorratzea” lehenetsiko duela azpimarratu du, eta horregatik lanean jarraitzen du “etxebizitzako sindikatuekin eta gainerako eragile sozial eta sindikalekin erakunde guztiekiko presioa handitzeko, batez ere EAEn eta Nafarroan, hemengo Gobernuek arlo horretan eskumen zabalak baitituzte”. Aurreratu dutenez, hurrengo egunotan ELAk jakinaraziko du greba orokor horren zehaztapenak.
Nafarroako CCOOk greban parte hartzeko deia egin du
Nafarroako CCOO sindikatuaren Josema Romeo bozeramaileak iragarri duenez, erakunde sozial guztiak batzen saiatuko dira greba orokorrerako. Josema Romeoren ustez, hauteskunde-deialdi hau garrantzi politiko eta laboral handiko une batean iritsi da, eta klase interesen defentsan oinarrituta parte hartzera animatu ditu herritarrak.
Gehiago
1
“Etxebizitzaren auziarendako berehalako erantzun bat” eskatu du Ernaik zenbait herrietan egindako mobilizazioetan
LABek manifestazio erraldoi bat iragarri du urriaren 17an Iruñean, “Euskal Herritik funts putreak botatzeko”
2
