Bazkari solidario bat zaurgarrienei elkartasuna adierazteko eta eraldaketa soziala bultzatzeko

Kaskallueta elkarte gastronomikoaren urtemugaren harira, sukaldari profesional talde batek ospakizun gastronomiko bat antolatu dute eta bildutako guztia Elhadji, PIM-MIG eta Derecho a techo jantoki solidarioetara bideratuko dira.

2026-ko urriak 5

Iruñeko biztanleria ahulenaren oinarrizko beharrak asetzen dituzten hiru eragileei bideratuko zaie Kaskalluetan eginen den hitzordu solidarioaren etekin guztia. Sukaldari profesional talde batek martxan jarritako ekimenarekin gastronomia gehien behar dutenen zerbitzura jartzea du helburu. “Pertsonak ondasun komun batengatik elkartzen direnean, benetako aldaketak sortzeko eta gure inguruan dauden kalteberatasun-egoerei aurrez aurre begiratzeko gai direlako uste sendoak bultzatzen gaitu. Elikadurak ordezkatzen gaitu bereziki, uste baitugu jatea oinarrizko premia bat betetzea baino askoz gehiago dela: zaintzea, partekatzea, komunitatea sortzea eta duintasuna ematea”.

Horregatik, proposamen gastronomiko bat eskaini nahi dute “ahosabai guztientzat, begano edo edozein alergiara egokitutako aukera eta alternatibekin, inor mahaitik kanpo gera ez dadin”. Elkartasunarekin batera sukaldaritza zaindua, sortzailea eta kalitatezkoa ere egin daitekeela erakutsi nahi dute. “Kontzientziaz eta gizartea eraldatzeko asmoz egindako janaria izango da, sasoiko produktuak, kalitatezkoak eta, ahal den guztietan, zero kilometrokoak erabiliz. Jatearen plazera kausa kolektibo baten zerbitzura jartzen duen proposamen gastronomiko gourmet bat”, zehaztu dutenez.

Jardunaldi hau inspirazio iturri izatea ere nahi dute. “Gustatuko litzaiguke Iruñeko beste elkarte gastronomiko batzuek eta sukaldaritza maite duten beste pertsona batzuek ikustea beren espazioak, ezagutzak eta denbora ere elkartasunerako tresna bihur daitezkeela. Elkarrekin sukaldatzea, mahai bat partekatzea eta otordu bat antolatzea modu errazak baina ahaltsuak izan daitezke gure inguruko pertsona ahulenei laguntzen dieten proiektuei denbora gehiagoz eusteko”, aipatu dute hitzordu solidario honen antolatzaileek.

Txantreako Kaskallueta elkartean eginen da ekimena, eta honekin erakutsi nahi dute elkarte gastronomiko bat “janaria prestatzeko eta jateko toki bat baino askoz gehiago” izan daiteke. “Topaketarako, konpromisorako eta eraldaketarako gunea ere izan daiteke”, azpimarratu dute, eta Txantreako elkarteari eskerrak eman dizkiote ekitaldi hau antolatzeko aukera emategatik.

Gehiago