Milaka eta milaka lagunek Euskal Herriko kaleak hartu dituzte espekulazioaren aurka eta etxebizitza bermatuaren alde

Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta, milaka lagunek Bilbo, Iruñea, Gasteiz eta Donostiako kaleak bete dituzte. Antolatzaileek etxebizitzaren arazoari aurre egiteko beharrezkoak diren hiru eraldaketa nagusiak nabarmendu dituzte: espekulatzaileen etxebizitzen desjabetzea, espekulazioaren debekua eta baliabideak langile klasearen beharren arabera planifikatzea.

2026-ko urriak 3

Milaka eta milaka lagunek Euskal Herriko Hegoaldeko lau hiriburuetako kaleak hartu dituzte ostiral honetan, etxebizitza bermatua aldarrikatzeko eta espekulazioari aurre egiteko. Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta.

Mobilizazioak Donostiako Boulevard-en, Iruñeko eta Bilboko Udaletxe plazetan eta Gasteizko Katedralaren aurrean amaitu dira. Leku horietatik guztietatik mezu bera helarazi dute: etxebizitzak negozio izateari utzi eta benetan bermatutako eskubide bihurtu behar du.

Manifestazioen amaierako ekitaldietan, deitzaileek eskerrak eman dizkiete mobilizazioetan parte hartu duten guztiei, eta etxebizitzaren arazoa Euskal Herriko langile klaseak gaur egun duen arazo ekonomiko nagusietako bat dela nabarmendu dute.

“Mila esker espekulazioaren aurka eta etxebizitza eskubide unibertsala eta bermatua izan dadin, gaur, mobilizatu eta kaleak hartu dituzuen guztioi. Etxegabetze baten txinpartek su handi bat piztu zuen duela egun batzuk. Abiadura eta modu ezberdinetan hedatu dena azken egunetan, eta Euskal Herrian ere bizi zabaldu da.”

Era berean, etxebizitzaren egoeraren aurrean alderdi politikoek duten erantzukizuna eta Espainiako Kongresuan aurkeztutako dekretuaren edukia ere salatu dituzte.

“Etxebizitzaren arazoa Euskal Herriko langile klasearen arazo ekonomiko larrienetako bat da. Alderdi politikoek ez dute hatzik ere mugitu herri mobilizazioak gainezka egin dien arte. Espainiako Gobernuak gaur bozkatzera eraman duen Dekretua ez da kalearen aldarrikapenak jasotzen dituen dekretua eta, gainera, langile klasearen aurkako dekretua da.”

“Ezin dugu beste modu batera definitu errentariei zergak %100ean murriztea eta konpentsazioen bidez haien irabaziak bermatzea ardatz duen neurria. Milaka pertsonak mobilizatu diren honetan, espekulazioa finantzatzen duen dekretu bat etxebizitza eskubidearen aldeko borrokaren emaitza izan daitekeela esatea iraina da.”

Era berean, Kongresuko bozketa eta eskuineko alderdiek hartutako jarrera ere aipatu dituzte.

“Orain, gainera, eskuineko alderdiek aurka bozkatu dute, tartean EAJk, eta bi dekretuak erori dira. Argi dugu eskuinarengandik ez dugula ezer espero, baina PSOEk ez dezala espero orain kalera aterako garenik eskuinaren aurka eta bere zabor-dekretuaren alde.”

Euskal Herriko erakundeen rola ere seinalatu dute

Deitzaileek Euskal Herriko administrazioek garatutako politiken aurrean ere jarri dute arreta. “Era berean, Euskal Herrian ditugun administrazioen papera ere seinalatu behar dugu: Eusko Jaurlaritzak, Nafar Gobernuak zein kolore guztietako Udalek negozioa indartzen duten politikak jarri dituzte martxan. Horren adibide argia EAJren posizioa gaurko Diputatuen Kongresuan. Politika horiek seinalatzea eta borrokatzea Euskal Herriko herri mugimenduaren egiteko garrantzitsu bat da.”

Etxebizitza pertsona guztiek duintasunez bizi ahal izateko oinarrizko eskubidea dela aldarrikatu dute, eta beste oinarrizko eskubide sozial batzuekin batera bermatu beharko litzatekeela defendatu dute.

“Etxebizitza edozeinek duintasunez bizi ahal izateko beharrezkoa den oinarrizko behar bat da, eta denontzat bermatuta dagoen eskubidea izan beharko luke, osasungintza edo hezkuntza diren neurri berean.”

Antolatzaileek adierazi dute etxebizitzak gutxi batzuentzat negozio iturri izaten jarraitzen duen bitartean ezinezkoa izango dela benetan bermatutako etxebizitza eskubidea izatea.

“Eta noski, esango digute ezinezkoa dela. Eta arrazoia izango dute gaurko testuinguruan, hori ezinezkoa da. Izan ere, etxebizitza-eskubidea eta harekin negozioa egiteko eskubidea erabat kontrajarriak dira. Gutxi batzuen negozio iturri den bitartean, etxebizitza ez da, inondik inora, eskubide bermatu bat izango. Etxebizitzaren negozioa, ala etxebizitza eskubidea, baina biak bateraezinak dira.”

Hiru eraldaketa espekulazioarekin amaitzeko

Amaierako hitzartzean, etxebizitza eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren hiru eraldaketa nagusiak azaldu dituzte. “Etxebizitza eskubidea izan behar da, baina ez eskubide abstraktu bat, baizik eta bermatutako eskubide bat, osasungintza edo hezkuntza diren bezala. Eta hori ezinezkoa da espekulazioarekin amaitzen ez bada. Horregatik, hiru eraldaketa sakon eta beharrezko jarri behar ditugu mahai gainean: espekulatzaileei etxebizitzak desjabetu behar zaizkie; izan ere, ez da onargarria gutxi batzuek milaka etxebizitza pilatzea.

Espekulazioa bere forma guztietan debekatu behar da; ezin da onartu langile klasearen soldatatik bizi eta aberasten denik inor. Eta, azkenik, baliabide guztiak behar sozialen zerbitzura jarri behar dira.”

Era berean, arazoa ezin dela inbertsio-funtsetara soilik mugatu ohartarazi dute, eta espekulazioa bere osotasunean jarri behar dela jomugan nabarmendu dute.

“Ezinbestekoa iruditzen zaigu arazoaren muinera jotzea. Funts putreak arazoaren parte dira, garrantzitsua, baina ez bakarra: jomugan espekulazioa bere osotasunean jarri behar dugu.”

“Putre funtsen negozioen ondorioz, etxebizitza eskuratzea ezinezkoa da gero eta jende gehiagorentzat, hori hala da. Baina baita, eraikuntza enpresen, banketxeen edota alokairuan etxebizitza izanda langileen kontura aberastu diren jabeen ondorioz ere.”

Ildo horretan, deialdi bateratuaren hiru aldarrikapen nagusiak zehaztu dituzte: espekulazioari aurre egiteko aurrerapausuak ematea, espekulatzaileen jabetzak espropiatzea, espekulazioa ber debekatzea eta negozioaren esku egon diren baliabide guztiak langile klasearen zerbitzura jartzea.

“Aldaketa handiak kaletik datoz”

Amaierako hitzartzean, aldarrikatutako eraldaketak ez direla alderdi politikoen eskutik etorriko defendatu dute, baizik eta langile klasearen mobilizazioaren eta antolaketaren bidez. “Langile klase antolatua, berehalako hobekuntzen alde borrokatzen duena —hala nola etxegabetzeen etetea edo prezioen jaitsiera—, baina bere horizontea zein den oso argi duena: pertsona guztientzako etxebizitza bermatua.”

“Aurrera pauso horiek, ordea, ez dira etorriko gaur egungo alderdi politikoen eskutik; alderdi gehienak sektore errentisten interesei men egiten diote, beraien interes elektoralistak lehenetsiz. Aldiz, azken asteetan ikusi dugun bezala, kaletik eta antolatuta aldaketak behartu daitezke.”

Etxebizitza sindikatuek langile klasearen bizi-baldintzak hobetzeko konpromisoa berretsi dute, baita eraldaketa sakonak bultzatzeko gai izango den mugimendu bat eraikitzeko konpromisoa ere.

“Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuok langile klasearen bizi baldintzak hobetuko dituzten neurri guztiak aplikatu daitezen borroka egingo dugu, sakoneko eraldaketak eragiteko indarrak batzen ditugun bitartean.”

Ildo horretan, berehalako aldarrikapen gisa etxegabetze guztiak etetea eta alokairuen prezioak jaistea eskatu dute.

“Horregatik, egungo alderdi politikoei exijitu ahal zaien gutxienekoa da etxegabetze guztiak lehenbailehen eta baldintzarik gabe etetea, eta alokairuen prezioak jaistea.”

Gehiago