Berme bakarra antolakuntza dugu
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea
2026-ko irailak 29
Mari Carmenen etxegabetzeak Espainiako Estatuan sortu duen arreta mediatikoak, hein batean etxebizitza sindikatuen lanari esker, inflexio puntu bat markatu du hainbat hilabetez alde batera utzita zegoen dekretuari dagokionez. Hau horrela, Espainiako Gobernuak etxebizitza dekretua laster onartuko duela iragarri du. Langile klasearen benetako eskaeretatik eta beharrizanetatik oso urrun badago ere, zirriborroak familia askorentzat arnasaldi bat izan daitezkeen neurriak jasotzen ditu: alokairuen luzapenak, “etxegabetzeen aurkako ezkutuak”, aldi baterako alokairuaren eta gelakako alokairuaren erregulazioa, pisu turistikoei zergak igotzea edo funts putreei espekulatiboki erosteko debekua.
Neurri hauek aurrekaririk gabeko etxebizitza-krisi baten erdian datoz; horrenbeste, ezen inork ezin baitu zalantzan jarri milaka familiak bizi duten infernuari erantzuna emango dioten premiazko neurriak martxan jarri beharra dagoela. Baina neurri horien arazoa da, oraindik ere, kapitalaren interesen zerbitzura daudela, eta errentarien, funts putreen eta eraikuntzaren patronalaren irabaziak babestera bideratuta jarraitzen dutela. Hori esanda, badakigu dekretu honek ez diola arazoaren muinari heltzen: alokairuen luzapena ez da nahikoa eta partziala da; etxegabetzeen aurkako ezkutua urrun dago baldintzarik gabekoa izatetik, eta zaurgarritasun-mugen eta burokrazia amaigabearen mende jarraitzen du; etxebizitza-alternatibak ez dira inon ageri; eta azkenik, errentadunentzako hobariak proposatzen jarraitzen dute. Hau da, langile klasearen aldeko neurriak partzialak dira oraindik, partxeak besterik ez, burgesiaren irabaziak bermatzen jarraitzen diren bitartean. Honen guztiaren aurrean, etxebizitzaren arazoa konpontzeko neurri askoz zorrotzagoak planteatu beharko liratekeela uste dugu. Hala nola: ● Etxegabetzeak erabat eta baldintzarik gabe geldiaraztea ● Alokairuei muga jartzea ez ezik, prezioen jaitsiera. ● Funts putreen desjabetzea ● Erosketa espekulatiboaren debekua.
Gutxieneko hauek aintzat hartuta, honako deia egiten dugu:
- Euskal Herriko langileriari, etxebizitzaren negozioaren aurrean mobilizatu gaitezen eta Euskal Herriko etxebizitza mugimendua gorpuztu dezagun.
- Euskal Herriko alderdiei, Mari Carmen Dekretua onar dezaten, aurretik aipatutako minimo lagaezinak aintzat hartuta.
- Euskal Herriko instituzioei, eskura dituzten neurriak aplikatu ditzaten eta etxebizitzaren afera konpontzeko urratsak egin ditzaten.
Hori esanda, eta bihar gertatzen dena gertatzen dela, badakigu horrelako neurriak haserrea desaktibatzeko eta iritzi publikoa lasaitzeko tresna bihurtu ez daitezen, berme bakarra dagoela: langile klasearen antolaketa eta mobilizazioa.
Ildo horretatik, dei egiten dugu etxebizitza sindikatuetan antolatu eta etxebizitzaren
desmerkantilizazioaren alde borrokatzera. Horregatik, datozen hilabeteetan Euskal Herriko
Etxebizitza Sindikatuen Sarean antolatuta gauden sindikatuon deialdietan parte hartzera
gonbidatzen zaituztegu.
Haien jabetzak ala gure bizitzak, ez dago erdibiderik!
