“Euskarari lehentasuna emanen dion ofizialtasuna behar dugu”, dio EHEk Vascuenceren Legearen 40. urteurrenaren atarian
2026-ko irailak 21
Euskal Herrian Euskaraz taldeak Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako euskaldun eta euskaltzaleak elkartu zituen larunbatean Izpegin “gure nazio, kultura eta hizkuntzaren aldeko aldarria egiteko”. EHEko kideek ulertzen dute euskarak “larrialdi egoera bat” bizi duela, eta hau “Frantzia eta Espainiako estatu kolonial eta inperialistak” Euskal Herriaren desagerpena bilatzen dutelakoaren ondorioa dela. “Ezin ditugu atzendu gure historian zehar herri hau desagerrarazteko gupidarik gabe erabili dituzten prozesu suntsitzaileak. Inkisizioa, Frantziako Iraultza, Espainiako diktadura frankista, eta gaur egun, inposizioan eta zapalkuntzan oinarritutako demokrazia faltsuak dira horren adibide batzuk. Prozesu hauek guziek beti izan dituzte euskara eta euskaldunak jomugan. Estatu zapaltzaileek argi dutelako herri bat menperatzeko beharrezkoa dela herri horren hizkuntza desagerraraztea. Hizkuntza, komunikazio tresna hutsa baino gehiago, herri honek lurrarekin, kulturarekin eta bere mundu ikuskerarekin duen lotura zuzena baita”.
Euskal Herriak bizirik irauteko “euskara behar duela eta euskaldun ahaldundu eta aktiboak ere behar dituela” gogoratzen dute, baina gaur egun euskara “galzorian” dagoela baieztatzen dute. “Atharratzen, Bilbon, Tafallan nahiz Guardian; hezkuntzan, osasungintzan, epaitegietan, lantegietan… euskaldunak modu sistematikoan baztertzen gaituzte gure herrian bertan. Euskaldunen kontrako zapalkuntza egiturazkoa da eta euskaldunak asimilaziora eramaten gaituen egoera betean gaude. Egoera honi buelta emateko, mendez mende egin dugun bezala, ezinbertzekoa da herri gisa antolatzea eta erresistentzian herri boterea aktibatzea”.
Aurtengo abenduaren 15ean, 40 urte beteko dira Nafarroa Garaiko Vascuencearen legea onartu zenetik. “Lege hau, estatu kolonial eta inperialistek zatitutako Nafarroa gehiago zatitzeko eta euskaldunak bigarren mailako herritar bezala tratatzeko erabiltzen da oraindik, bizi garen herriaren arabera, gure hizkuntza eskubideen aitortzan mailaketa bat eginez”, salatu dute. Horregatik, urteurren hau baliatu nahi dute “eskubidez dagokiguna aldarrikatzeko, konponketa historikoa zor digutenak interpelatzeko eta inori baimenik eskatu gabe, euskaldun guztion eskubideen aitortza eskuratzeko”.
Euskarak bizirauteko kalean, etxean, lan munduan eta administrazioan lehentasuna eduki behar duela azpimarratzen du EHEk. “Euskarari lehentasuna emanen dion ofizialtasuna behar dugu; euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza nazionala eta ezagutu beharrekoa izendatuko duen ofizialtasuna. Ez edukirik eta bermerik gabeko ofizialtasun edota ko-ofizialtasunik. Euskarari lehentasuna emanen dion legea euskaldunok idatzi behar dugu; euskararen errepublika ahalbidetuko duena; euskaldunon askotariko eta zapalkuntzarik gabeko komunitatea ekarriko duena; euskara eskuragarri jarriko duena eta euskaraz bizitzeko eskubidea bermatuko duena”.
Bukatzeko, datorren abenduaren 15ean Euskal Herri osoko euskaldun eta euskaltzale guztiak mobilizazioak antolatzera gonbidatzen ditu EHEk.
Gehiago
AEK-k Tuterako euskaltegi berria inauguratu egin du Erriberan euskarari bultzada berri bat emateko asmoz
2
Nuevo euskaltegi de AEK en Tutera ante la creciente matriculación de estudiantes de euskera
