Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa deitu dute Testako maizterrek eta LAB sindikatuak

Testak ez ditu berrituko BOE kalifikazioa galdu duten 500 etxebizitzen kontratuak, eta eskatzea etxebizitza horiek parke publikoaren parte izatera pasa daitezela.

2026-ko irailak 15

Etxabakoitz, Buztintxuri, Artika, Sanduzelai eta Arrotxapeko bizilagunek, LABen babesarekin, manifestazioa iragarri dute Iruñean urriaren 17rako. Mobilizazioaren helburua da salatzea Testak ez dituela berritu BOE kalifikazioa galdu duten 500 etxebizitzen kontratuak, eta eskatzea etxebizitza horiek parke publikoaren parte izatera pasa daitezela.

Azken hilabeteotan, Testa, Blackstoneren (higiezinen inbertsiorako munduko funts handienaren) filiala, maizterrei jakinarazten hasi da beren kontratuen amaiera eta etxebizitzak merkatu pribatuan salgai jartzeko asmoa. Lab sindikatuak adierazi duenez, “enpresak bide librea du ehunka familia langile kanporatzeko eta etxebizitzak merkatu pribatuan prezio izugarrietan saltzeko, espekulazioa eta gero eta desberdintasun handiagoa sortzen duen eredu errentista elikatuz.”

500 higiezinak diru publikoarekin eraiki ziren eta maizterrek hogei urte baino gehiago daramatzate alokairuak ordaintzen. Askotan, gainera, errenta horien zati bat prestazio sozialen bidez osatu da. “Etxebizitza horien kostuaren % 100 baino gehiago ordainduta dago. Bai etxe horietan bizi garenok, bai Nafarroako jendarte osoak ordaindu ditugu. Gure etxeak dira”, adierazi dute bizilagunek. Operazioa onartezinatzat jo dute, “Nafarroan inoiz ikusi ez den mazterron aurkako erasoa, betikoak aberasteko.”

Urriaren 17an, 17:30ean, Baluartetik abiatuko da manifestazioa. Kaltetuek eskatuko dute etxebizitza horiek parke publikorako berreskuratzea, etxegabetze mehatxuak gelditzea eta bizitoki egonkortasuna bermatuko duten kontratu mugagabeak sinatzea. Alokairuaren prezioak bizilagunen errealitate ekonomikora egokitzeko neurriak ere eskatuko dituzte, eta Testa eta Blackstone “Non Grata” enpresatzat jotzea Nafarroan. “Etxebizitza bakoitza, antolatutako bizilagun-komunitate bakoitza eta auzo bakoitza toki egokiak dira haiei aurre egiteko eta bizi-proiektu duin bat eraikitzeko dugun eskubidearen alde borrokatzeko.”

Bizitegi-larrialdiko testuinguruan ematen da egoera hau, Nafarroa Eremu Tentsionatua izendatuta dagoelarik. “Bada garaia etxebizitza eskubidea lehenesteko aktibo finantzario eta espekulazio produktu gisa erabiltzearen gainetik,” aldarrikatu dute kaltetuek.

LABek gogorarazi du Txantrea auzoko Ezkabako bizilagunen borrokak lagundu zuela joan den ekainean legearen aldaketa bat onartzen, gaur egun baldintza hori duten etxebizitzetan BOE kalifikazioa mantentzea ahalbidetzen duena. Hala ere, aldaketa hori berandu iritsi da Testako etxebizitzetarako.

Higiezinen patronalaren aurrean ekintza sindikala garatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du LABek: “Posible eta bideragarria da: borroka hau Blackstoneri irabazi diezaiokegu.”

Gehiago