Biometanizazioa Nafarroan: benetako moratoria eta plangintza demokratikoa behar duen gaia

Mikel Saralegi Otsakar eta Jule Goñi Montero

Sustrai Erakuntza Fundazioa

2026-ko abuztuak 31

Legealdi amaierako garai hauetan, gure lurraldean biometanizazio plantak ezartzeko eredua eta modua egiteke daude oraindik. Denboran atzera eginez, toki erakundeen eta Nafarroako Gobernuaren hasierako jarduna ezin txarragoa izan zen. Biometanizazio-planta handien proiektuak iristerakoan, opakutasuna, permisibitatea, diskrezionalitatea eta irizpide ordenatzailerik eza. Horren guztiaren ondorioz, herri-plataformak antolatu ziren Lizarraldeko, Erdialdeko eta Erriberako herrietan, zilegitasun sozialik gabeko inposizioen aurrean zalantzari eta haserreari bide emateko.
Plataformen lana nekaezina izan da azken bi urteetan: hitzaldi informatiboak, alegazioak, mobilizazioak eta proposamenen aurkezpena. Indar sozial hori guztia eszenatokia baldintzatzeko gai izan da. Lehenik eta behin, planta horiek instalatzeko orduan zeuden gabeziak agerian uzteagatik: eztabaida sozialik gabe, antolamendurik gabe, arau eta kontrol tresnarik gabe. Bigarrenik, gai honi arrazionaltasunez, lasaitasunez, demokraziaz eta ikuspegi estrategikoz heltzea ahalbidetuko lukeen benetako luzamenduaren beharra mahai gainean jartzeagatik.
Prozesu hau bideratzeko lehen saiakera 2025eko udazkenean izan zen. Luzamendu eskaria, mobilizazio sozialarekin batera, Parlamentura iritsi zen. Emaitzak, ordea, ez zien itxaropenei erantzun. Luzamendu bat onartu zen, baina, beronen iraupenaren murrizketagatik eta helburuak lausotzeagatik, urardoturik geratu zen. PSNren, UPNren eta PPren botoekin nagusitu zen erabakia, eta herri kaltetuetan ulertezintasuna eragin zuen.
Bigarren saiakera maiatzean eta ekainean egin zen. Plataformen mobilizazioak itzuli ziren, egiaztatu baitzen luzamendua ez zela eraginkorra beren helburuak betetzeko eta proiektuak enkistatzeko. Idazkiak eta txostenak erregistratu ziren Nafarroako Parlamentuan, biometanizazio ereduarekin eta bi urteko luzamendu erreal baten beharrarekin lotutako proposamenekin, baimentze prozesuan dauden proiektu guztiak barne hartuko zituena. Horretarako, dei egin zitzaien alderdi politikoei ekainaren 25eko Osoko Bilkuran onar zezaten.
Ekainaren 2an, plataformek Landa Garapeneko Batzordean parte hartu zuten, beren iritziak eta eskaerak helarazteko. Bertan argi geratu zen, talde parlamentario guztien aldetik, iazko urriaren amaieran onartutako luzamendu faltsuak ez zuela balio izan interes pribatuek inposatu nahi duten Nafarroako biogas ereduaren arazoa benetan konpontzeko. 2026ko ekainaren 16an, Landa Garapenerako Batzordeak ebazpen bat onartu zuen, Nafarroako Gobernuari biometanizazio edo biogas planten instalazioari luzamendu integrala ezartzeko neurri egokiak bultzatzeko eskatuz. Horretarako, instalazioak atzeratzea proposatzen zuen, Nafarroak planta horien hedapen ordenatu eta iraunkorra bermatuko duen ekosistema arauemaile bat izan arte. Hala ere, ekainaren 25eko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak ez zuen aintzat hartu plataformek benetako luzamendua onartzeko egindako eskaria.
Udak biometanizazioaren inguruko berriak sortzen jarraitu du. Zehazki, luzamendutik modu diskrezionalean kanpo geratu ziren plantei dagokienez: Arroitz eta Sesma. Alde batetik, Ingurumen Departamentuak Arroizko plantari baimena ematen dion ebazpenaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea. Arrazoia: tramitazioan izan diren irregulartasun piloa eta lurraldean izango lituzkeen eragin negatiboak. Bestetik, NAOn Sesmako instalazioaren bigarren informazio publikoa argitaratzea, pertsona fisiko edo juridikoek egin beharreko alegazioen zain dagoena. Bi kasuetan, besteak beste, eredu bera errepikatzen da: enpresa sustatzaileek ez dute fidagarritasunik digestatoak isurtzeko nekazaritza-azalera behar bezala justifikatzeko eta identifikatzeko, eta hori da, hain zuzen ere, planta horiek kontrolik gabe egiten direnean izaten duten arazo handienetako bat.
Eta, azkenik, enpresen mehatxuak, komunikabideen bidez ezagutu ditugun eskaerak ez dituztelako betetzen. Biometano Sesmak Ingurumen Kontseilaritzara auzitegietara eramateko aukera iragarri du, “arbitrariotasuna, botere desbideratzea eta balizko prebarikazio administratiboa” direla eta. AGR Biogasek kalteak baloratzea eta administrazioaren aurka lege-ekintzak hartzeko aukera aztertzea proposatu du.
Egoera honetan, inoiz baino premiazkoagoa iruditzen zaigu egoera argitzea. Ezin dugu nahaste honekin jarraitu. Horretarako, Nafarroako errealitateari erantzungo dion ereduari buruzko eztabaida soziala behar dugu; datu sinesgarriak eta egiaztatuak izan behar ditugu; ekimen pribatuen desordenaren aurrean planifikatu eta antolatu behar dugu; gure lurzoruen, ibaien eta akuiferoen kalitatearen eta elikagaiak ekoizteko lehen sektorearen izaera estrategikoa zaindu behar dugu; kudeaketa eta kontrol esparru arau emaile eguneratua ziurtatu behar dugu, proiektu eta ekimen guztietan baliabideak eta aplikazio berekoak dituena; enpresa sustatzaileek industria planta handiak ezartzera behartzeko darabilten presioen eta auzietako mehatxuen aurrean erabakitzeko gaitasuna bermatu eta gauzatu behar dugu.
Asko dago jokoan. Beti dago egoerak berriz aztertzeko eta bideratzeko aukera, are gehiago gehiengo soziala ados badago. Horregatik, Nafarroako Parlamentuak orain bere esku du gutxienez bi urteko luzamendu erreal bat onartzea, aurkeztu diren edo baimentze-prozesuan dauden proiektu guztiak barne hartuko dituena, egiteke dauden zeregin guztiei aurre egin ahal izateko. Zenbat eta lehenago egin hobeto. Hirugarrenean asma dezagun.

Gehiago