Iraultza Txikien Akanpadaren IV. edizioa Pitillasen ospatuko da irailean “Bardeak herriarentzat” aldarrikapenarekin
Irailaren 18, 19 eta 20an Pitillas herrian Iraultza Txikien Akanpadaren IV. edizioa ospatuko da egitarau zabal batekin. Aurreko edizioetan bezala, hitzaldiak, tailerrak, eskaintza kulturala eta mobilizazioak izanen dira dagoeneko publikoa den programan.
2026-ko abuztuak 21
Pitillas aukeratu dute Bardetatik gertu dagoen herri bat delako, edizio honetan tiro eremuaren eta militarismoaren inguruko eztabaida indartu nahi baitute. ITAren antolakuntzatik gogoratzen dute 2028. urtean tiro-poligonoaren ituna berritzeko arriskua dagoela, eta ekimen honekin Bardeen desmilitarizazioren aldeko mugimenduari euren aletxoa jarri nahi diote. Eta mundu osoan dagoen testuinguruari ere so egin nahi diote, batasuna aldarrikatuz. “Ultraeskuinaren gorakada eta oldarraldi beliko-inperialista bizi dugun honetan, inoiz baino gehiago, txikiok, zapalduok, baztertuok, batzeko beharra dugu. NATOri, gerrari, faxismoari, botere faktiko orori aurre egin eta sistema errotik iraultzeko, garrak batuz gero handiagoa delako sua. Ertzetatik, elkar elikatzetik, burujabetzetatik bizitza, herri, mundu, izaki askeen alde”, diote.

Hiru egunez, Euskal Herriko herri mugimenduak hitzordua berezia du Pitillasen. “Hitzaldiak, tailerrak, eztabaidak, jolasak, ikuskizunak, zaintza txokoak, haurrentzako dinamikak, konspirazioak, sorkuntza-ekintzak eta baita ekintza zuzenak ere”, iragartzen dituzte. Momentuz, behin behineko egitaraua zabaldu dute, eta bertan ikus daitezke jorratuko diren hainbat gaiak: etxebizitza, klima aldaketa, arrazakeria, matxismoa, euskararen aurkako oldarraldia, internazionalismoa, militarismoa, elikadura burujabetza… Eskaintza kulturalaren inguruan, aipatzekoa ostiralean eginen den bertso afaria eta larunbateko kontzertua. Igandean, berriz, Bardetara martxa eginen da, desmilitarizazioaren ikurra eskuan.

2018an hasitako bidea
Euskal Herriko Herri Mugiemendu zabalarentzat topalekua sortzeko asmoarekin, 2018ko irailean estreinako aldiz ospatu zen Iraultza Txikien Akanpada Zubietan. Edizio horretan Gipuzkoako errauskailuaren aurkako borrokari hauspoa ematea izan zuten helburu. Gerora etorri ziren beste bi edizio gehiago: 2021ean Artean eta 2023an Izarran. “Helburua beti izan da tokiko borroka bat bultzatzea eta ikusgarritasuna ematea eta, honekin batera, Euskal Herriko proiektu matxino, alternatibo eta erradikal guztiek elkar ezagutzeko, ikasteko eta elkar elikatzeko aukera izango duten elkarguneak sortzea. Eta, horrela, iraultza-sutxoak pizten eta biderkatzen jarraitu”, azaldu dute antolatzaileek.
Izena emateko eta informazio gehiago izateko, sare sozialetan zabaldu dute esteka hau.
