Sarek “sufrimenduaren amaiera” eskatu du hondartzetan
Joan den abuztuaren 2an, Sarek Hego Euskal Herriko 11 hondartzatan egin zituen udaro etengabe antolatu dituzten mobilizazioak. Hamaika hondartza, euskal preso, erbesteratu eta deportatuen auziari behin betiko konponbidea emateko beharra eta borondatea aldarrikatzen dutenak.
2026-ko abuztuak 3
Urteetan zehar mobilizatu dira abuztuko lehen asteburuan, hondartzetako mobilizazioa deitu duten dinamika honetan, eta argi dute zein den euren helburua: “hau izan dadila mobilizazio hau egin behar dugun azken aldia. Izan ere, horrek esan nahiko luke, legeria arrunta aplikatzeko bidean aurrera eginez, euskal gizarteak ez lukeela jada udaro hondartzetan mobilizatu beharko.
Horretarako, argi daukagu zein den bidea: espetxe politika arrunt baten aplikazioan sakontzen jarraitzea eta oraindik erregimen itxian dauden 45 presoak (horietatik 32 Euskal Preso Politikoen Kolektibokoak) askatasuna berreskuratzen hastea.
Gainera, iraganeko eszenatokiak behin betiko gainditu eta bizikidetzara eta etorkizunera begira jarri nahi badugu, ezinbestekoa izango da, halaber, Euskal Herritik kanpo bizitzen jarraitzen duten 13 erbesteratuen eta 3 deportatuen egoerari irtenbide bat ematea.
Erantzukizun kolektiboa da, eta gaur hemen gauden guztiok konpromiso hori berresten dugu. Bakeari, konponbideari eta bizikidetzari ateak irekitzeko unea da. Hainbeste urtetan sufrimendu handia eragin duen eta sortzen jarraitzen duen gai bati irtenbidea emateko unea da. Euskal gizartearen gehiengoa ordezkatzen dugunok argi daukagu. Helmugara iritsi nahi eta behar dugu: denak etxean izango diren eguna.
Horregatik, uda honetan behin eta berriz errepikatuko dugun bezala, bost hilabete barru Bilboko kaleak beteko ditugu berriro. Orain arte egindako ahaleginik handiena egingo dugu, 2027ko urtarrilaren 9an helburu bat gurutzatu nahi dugula adierazteko. Preso, erbesteraturik eta deportaturik gabeko Euskal Herria nahi dugula aldarrikatzeko. Egoera hau gehiegi luzatu delako. “
