Uztailaren 7an, berriz ere, zezenketarik gabeko Sanferminak aldarrikatuko dituzte

Iruñea Antitaurina ekimenak antolatzen duen zezenketen aurkako kalejira uztailaren 7an arratsaldeko 19etan abiatuko da Udaletxeko plazatik, 3iruindarrok elektrotxarangak lagunduta.

2026-ko uztailak 2

Zezen-plaza aurrean egindako agerraldi batean Sanferminetan “gertatzen den krudeltasuna eta tortura” salatzeko kalejira iragarri dute. Jaietan osotara 60 zezen hilko dituztela “agonia motel baten ondoren” gogoratu dute.

Zezenkatarik gabeko Sanferminak irudikatzea ez dela zaila ere nabarmendu dute. “Zezenketariek ere aitortzen dute, zezenketak desagertu egingo direla esaten baitute”, horregatik uste dute beharrezkoa dela “etorkizuneko sanferminei buruzko hausnarketa eta eztabaidari” ekitea.

Eztabaida irekitze eskaera honekin batera Iruñeko Udalak prestatu zuen “Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Plana, Iruña SF365″ren sei helburu espezifikoen artean “sanferminen nazioarteko irudia hobetzea” dagoela gogoratu dute. Ekimenaren usteetan “animalien aurkako tratu txarrak eta zezenketen basakeria” ez dira Sanferminetako eta Iruñeko “aurkezpen-txartel ona”, eta azpimarratu dute hainbat herrialdetan debekatu edo murriztu dituztela zezenketak. Estatu espainolean ere, zezenketek ikusleak eta jarraitzaileak galtzen dituzte etengabe. Zezenketa-ikuskizunetara joatea %75 jaitsi da 25 urtean, eta zezenketen kopurua, berriz, %65 inguru murriztu da, dirulaguntza publiko asko jaso izan arren. Inkesta batzuen arabera, biztanleriaren % 80 zezenketen aurkakoa da.

Iruñean, oraindik ere, zezenketen aldekoak nagusitzen dira

Iruñean, gaur gaurkoz, zezenketen aldekoak nagusitzen dira. Faktore bat izan daiteke oraindik ere Sanferminetan zezenketek duten garrantzia. Iruñeko Udalak egindako inkesta baten arabera %52 zezenketen aldekoa da, eta %46, berriz, kontrakoa. Baina etorkizunari begira, itxaropentsuak agertu dira Iruña Antitaurinakoak. Izan ere, adinari dagokienez, alde handia dago. Babes handiena 65 urtetik gorakoen artean dago, eta arbuiorik handiena, berriz, 15 eta 44 urte bitartekoen artean.

Argi da Iruñeko Plaza ez dela oso tauromakiaren aldekoa eta betetze horiek dagoen jai giroari egotzi behar zaio.”Jende askok uste du, peñetako txarangek sortzen duten giroagatik ez balitz, plazako “orkestra eta saltsa” direlako, hondarrean gertatzen denari begiratzea baino ez litzatekeela geratuko, eta, jende guztiak dakienez, jende gehienak ez du zezenak gaizki tratatzen eta hiltzen ikusteko asmorik. Iruñeko zezenketen alderdi garrantzitsuena askaria da, kubatak… azken batean, parranda, eta, horregatik, pertsona askok galdetzen diogu geure buruari: animaliak torturatu behar al dira arratsalde bat parrandan igarotzeko?”

Errealitateari aurre egin eta datorren jai ereduaren aldaketa prestatu behar dela uste dute. “Hiriak etorkizuneko sanferminen eztabaidari heldu behar dio”. Eta azken urteetan zezenketak dauden bitartean hirian antolatzen diren jarduera alternatiboak horren adierazgarriak dira. Gero eta jende gehiago baten da peñek eta eragile ezberdinek antolatzen dituzten ekitaldietan.

Peñei eskatu diete “gogoeta egitera eta zezenketarik gabeko Sanferminetarako bidea erraztera, halako krudeltasun maila hutsalean babestu beharrean”.

Bestalde, aintzat hartu dute Udalak emandako “pauso txiki baina sinbolikoa”. Plazara joaten ziren sei gaiteroei jada ez zaie ordainduko, eta Meca-k arazoak izan ditu berriak kontratatzeko, izan ere sei taldetatik lauk erantzun diote ez direla plazara joango.

Gehiago