Añube, Sukena eta Tremenda Jauria taldeak batu dira Des-kontrol eta Arkada Socialekin ASKE jaialdiko bigarren ediziora
2026-ko uztailak 1
Arkada Social eta Des-kontrol taldeek azken “bi mailukadak” Aske eta 40 Minutu Rock jaialdietan emango dituztela jakitera eman eta gero, gaur zabaldu dira Atarrabian abenduaren 26an ASKEko bigarren edizioan arituko diren beste talde batzuen izenak: Sukena, Tremenda Jauria eta Añube ere arituko dira. Hau, alabaina, kartel osoaren lagin bat besterik ez da eta aurrerago emango dira talde eta artista gehiagoren berri.
Bi jaialdietarako bono bikoitza jarri dira salgai eta horrez gain, ASKE jaialdirako sarrera kopuru mugatua prezio berezian (35 euro). ASKE jaialdirako sarrerak askejaialdia.eus webgunean daude salgai, baita 40 Minutu Rockekin batera osatutako bono bikoitza ere.
Aurreko edizioan bezala, ahalik eta estilo anitzenak bilduko dituen kartela iragarriko dutela ere aurreeratu dute Aske jaialdiko antolatzaileek. “Eta auzolanean eraikiko dugu denon artean Atarrabian lurreratzen den jaialdia. ASKE jaialdiak nazio askatasunaren aldarria musika bitartez hedatzea du ardatz; aske izateko jaioak garenok, aske izan gaitezen musika eta auzolanaren bitartez ere bultza egin nahi dugulako. Bestelako Euskal Herria amesten dugunok, praktikan ere posible dela ikusarazi nahi dugulako”.

