Melillako sarraskiaren 4. urteurrena: hildako eta desagertutako 117 pertsonak ez dira ahaztu
2026-ko ekainak 25
2022ko ekainaren 24an Melillako hesia gainditzen saiatu ziren 117 pertsona hil edo desagertu ziren Marokoko eta Espainiako polizia-indarren esku hartzearen ondorioz. Migranteen aldeko erakundeen hitzetan “indarkerian oinarritutako migrazio-politika baten adierazpenik gordinenetakoa” izan zen hura. Dozenaka pertsona harrapatuta eta zaurituta geratu ziren, inolako laguntzarik jasotzeko aukerarik gabe, eta azken hamarkadetan Europako lurraldean gertatutako muga-indarkeriarik larrienetako bat bilakatu zen sarraski hura.
“Lau urte igaro diren arren, gardentasun eza eta erantzukizunak saihestea dira nagusi oraindik ere. Ikerketa independenteek eta giza eskubideen aldeko erakundeek aurkeztutako froga ugariek erakutsi duten arren, ez dira erantzukizun politikoak eta operatiboak bere gain hartu. Gertatutakoa “ongi ebatzitako operazio” gisa aurkeztu zutenek botere-guneetan jarraitzen dute, eta pertsonen kontrola, kanporaketa eta deshumanizazioa ardatz dituen migrazio-eredua defendatzen segitzen dute. Melillako sarraskia berriro gerta liteke, edozein unetan”, salatu zuten atzo Iruñean egindako elkarretaratzean. Deitzaileen artean, SOS Arrazakeria eta migranteen elkarteak ziren, besteak beste.
“Gaur egun, migrazioen kudeaketa politikoan beste estutualdi baten aurrean gaude. Aurrerapauso gisa aurkezten diren neurri askok, ordea, migratutako pertsonen bizitzak merkatuaren behar ekonomiko eta demografikoen menpe jartzen jarraitzen dute. Erregularizazio-prozesu berezi bat erakundeen kontzesio gisa saltzen den bitartean mugimendu migratu antolatuaren urteetako borrokaren emaitza izan arren, eta milaka pertsona kanpoan uzten dituena, kontrol, zaintza eta zigortze politikak indartzen ari dira aldi berean”, salatu dute.

Deitzaleek, migrazioa “mehatxu gisa” aurkezten duten diskurtsoek “eskubide-urraketa berrietarako bidea prestatzen” dutela salatu dute. “Arrazakeria instituzionala normalizatzen, gutxiesten edo justifikatzen den bakoitzean, migrazioaren kudeaketa segurtasun-arazo huts gisa ulertzen dutenen jarduteko tartea handitzen da. Pertsona batzuei salbuespenezko trataera juridikoa onartzen zaien bakoitzean, guztion eskubide-esparrua ahultzen da. Eskubideen ukapena justifikatzen den bakoitzean, edo “dei-efektua” bezalako kontzeptuak berrinterpretatzen direnean —erroldatzearen auzian edota kale-egoeran dauden pertsonen inguruan ikusten ari garen bezala—, gero eta autoritarioagoak diren politikak legitimatzen dira, arrazakeria instituzionala hedatzen da eta bizitza duina eraikitzeko eskubidea baliatzen dutenen aurkako indarkeria berriak sustatzen dira”.
Nafarroako Gobernuari hainbat eskaera luzatu dizkiote, hala nola Melillako sarraskia “publikoki eta irmoki gaitzestea” eta gertatutakoa argitzea, Europar Batasunak eta Espainiako Estatuak sustatutako mugen kanporatze- eta militarizazio-politiken aurkako jarrera argia adieraztea eta arrazakeria instituzionalari aurre egiteko neurri eraginkorrak hartzea.
Gehiago
1
Arrotxapeko 9 grebalariei jarritako 12.400€-ko isunak salatu dituzte eta diru-bilketa hasi dute
BDZk ekintza baten bidez salatu du CAFek Israelerako egiten dituen trenak Iruñerriko hiri garraioan
