Nafarroako Lanbide Heziketa Dualaren aurrera ihesaldia
Ithri Elbouyafrouri Cirauqui, Irune Iturbide Oloriz
STEILAS
2026-ko maiatzak 5
Ikasturte bat igaro da Nafarroan Lanbide Heziketa Duala ezarri zenetik. Eta errealitateak ez du jada makillajerik onartzen. Hezkuntza kontseilariak, Carlos Gimeno, oraindik ere diskurtso baikor eta arrakastatsua mantentzen duen bitartean, guk argi ikusten dugu LH sistema huts egindako laborategi-proba bihurtu dela: plangintzarik gabe, baliabide nahikorik gabe, eta irakasleen zein ikasleen kontura egiten den esperimentazioa.
Azken egunotan albiste oso kezkagarria jaso dugu: epe laburrean, behintzat, ez dira garatuko LH eredu berria ezartzeko beharrezkoak ziren araudi espezifikoak: ez ikasleen ebaluaziorako foru agindua, ezta LH zentroen antolaketa eta funtzionamenduari buruzko araudia ere. Ez dira garaiz iritsiko 2026-2027 ikasturterako, nahiz eta Departamentuak ziurtatu zuen marko hori prest egongo zela datorren ikasturtea hasteko.
Ez-betetze hori ez da salbuespena. Horri gehitu behar zaio irakasleen lanaldia eta ordutegia arautzen dituen 225/1998 Foru Dekretua aldatzeko benetako aurreikuspenik ez egotea. LH Dualaren egungo errealitaterako guztiz zaharkituta geratu den dekretua da, baina Departamentuak erabiltzen jarraitzen du, ezer gertatu ez balitz bezala.
Egoeraren ondorioz, antolakuntza gabezi larriak azaleratu dira eta nahaspila juridiko izugarria sortu da. Nafarroako LH publikoa egitura prekario baten gainean ari da funtzionatzen, Lanbide Heziketako zuzendari nagusi Gil Sevillanok sinatutako ebazpenetan oinarrituta, gero eta sinesgarritasun txikiagoarekin. Ikasturte hasierako jarraibide gisa aurkeztu ziren ebazpen horiek ordea, argitasuna ekarri beharrean, etengabe aldatu, berrinterpretatu eta argitu behar izan dira 2025-2026 ikasturte osoan zehar. Hainbesteraino non, ikasturtea amaitzeko, beste jarraibide batzuk argitaratu behar izan diren. Hau ez da hezkuntza-eredu serio bat. Hau aurrera ihes egitea da.
Baina egoera hau ez da kudeaketa txarraren ondorio hutsa. Helburuetan bertan dagoen akats sakon baten emaitza ere bada. Ezartzen ari diren moduan, LH Dualak ez du ikaslea eta haren ikaskuntza prozesua erdigunean jartzen. Alderantziz, merkantilizatu egiten du: langile esku merke eta menpeko bihurtzen du, gazteen enplegagarritasunaren izenean enpresa sarearen berehalako behar produktiboetara egokituz.
Gainera, irakaskuntzaren kalitatea kaltetzen du, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak zatituz, eta prest ez dauden enpresei hezkuntza erantzukizunak transferitzen saiatzen da. Aldi berean, irakasleen lan baldintzak prekarizatzen ditu, eta gure lurraldearen garapen sozial eta ekonomikorako estrategikoa izan beharko lukeen hezkuntza etapa baten pribatizazio progresiboari atea irekitzen dio.
Eta kezkagarriena da, ikasturte bat igaro ondoren, hasierako puntura itzuli garela, baina ziurgabetasun, higadura eta mesfidantza handiagoarekin; araudirik gabe, irizpide argirik gabe, baliabiderik gabe eta egoera konpontzeko benetako borondatearik gabe.
STEILASek, Hezkuntza Departamentuari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen die inprobisazioa alde batera utz dezatela eta euren erantzukizuna bere gain har dezatela. Ezinbestekoa da hezkuntza komunitatearekin adostutako plangintza zorrotza zehaztea, beharrezko baliabideak bermatuko dituena, Lanbide Heziketa publiko duin eta sendoa eraikitzeko.
