“Langileok eragin” lelopean, langileen aldeko politikak aldarrikatuko ditu LABek Maiatzaren Lehenean
Gerraren eta bizitzaren garestitzearen aurrean, langileen aldeko politikak aldarrikatuko ditu LABek Nafarroan
2026-ko apirilak 22
Maiatzaren Lehenean, “Langileok eragin” lelopean, LAB sindikatuak hiru neurri zehatz eta ezinbesteko aldarrikatuko ditu Nafarroan, bizitza duina bermatzeko: etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata eta pentsio duinak. LAB sindikatua izango da Nafarroa Garaiko lurralde osoan mobilizatuko den sindikatu bakarra, eta sei manifestazio egingo ditu guztira: Iruñea, Tutera, Altsasu, Lizarra, Tafalla eta Doneztebe.
Imanol Karrerak, Nafarroako LABeko bozeramaileak, gerren eta gatazken nazioarteko testuingurua eta honek, Nafarroako eta bertako langileen egoera ekonomiko eta sozialean duen eragina azaldu du. Izan ere, Nafarroako Gobernuak sindikatuei helarazi zien Irango gerraren eragina arintzeko neurriak hartuko
zituela. Eta, zentzu horretan, Maria Chivite presidenteari eskatu diote benetako “entzute aktiboa” egin dezala eta kontuan har dezala Nafarroako langileak ez daudela prest Ekialde Hurbileko gerraren faktura
ordaintzeko, prezioak garestitu edo enplegu eta lan-baldintzak okertzen direlarik, aurreko krisietan gertatu zen bezala, hala nola, finantza-krisian, pandemian edo Ukrainako gerran.
Horregatik, aurtengo Maiatzaren Lehenean, Europako agintari gehienen politikak ez diren beste batzuk
eskatuko dizkio sindikatuak Chiviteri: “burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata
propioa, hemen lan-baldintza eta bizi-baldintza duinak bermatzeko.” Izan ere, hori aldarrikatu zuten joan
den martxoaren 17an 10.000 pertsonak baino gehiagok Nafarroako kaleetan.
Bestalde, bozeramaileak kritikatu du hirugarren aldia dela CENeko enpresaburuen erakundeak eta UGT eta CCOO sindikatuek Nafarroan gutxieneko soldata propio baten negoziazioari ekiteko mahaian esertzeari uko egiten diotela, eta horrekin “beren burua desprestigiatzen” ari direla dio. Karreraren arabera, “elkarrizketa boikotatzen dute Espainiaren izenean eta Nafarroaren kaltetan, lur honetan borrokatzen duten langileei pribilegiatuak deituz”. Azaldu duenez, ezerk ez die eragozten negoziatzera esertzea Nafarroako langileei bertako errealitate sozioekonomikoaren arabera bizitzaren garestitasunari aurre egiteko aukera emateko. Gogorarazi du, duela urtebete, LAB sindikatuak ohartarazi ziela borroka
sindikalaren bidez erantzungo zuela, eta horixe gertatu dela; “hemen sindikalismo bat dago,
egoerak eskatzen duen mailan dagoena, prestutasunez eta borrokaz” gehituz.
Karrerak dio Nafarroako Gobernuak ziurtatu behar duela elkarrizketa eta negoziazioak modu egokian egiten direla, berme guztiekin, eta inplikatutako pertsona eta talde guztien parte-hartzearekin, inor baztertu gabe eta aurretiazko baldintzarik jarri gabe. “Chivite presidenteak nafar guztien presidente izateko aukera du, eta negoziazioa gauzatu dadin bultzatzeko aukera. Edo, aitzitik, gutxi batzuen (CEN, UGT eta CCOOko eragileak) interesei erantzuteko itxaropen horri iruzur egitea” azaldu du.
Karrerak nabarmendu du Nafarroako langile klaseak sindikalismo borrokalariaren aldeko apustua egiten jarraitzen duela, eta hori agerian geratzen dela LAB sindikatuaren etengabeko hazkundean zein azken hilabeteotan hainbat sektoretan piztutako borroka aktiboetan. Gaur egun, zahar egoitzetako eta grafikagintzako langileak mobilizatuta daude, eta lanuzteak egiten ari dira estatalizazioaren aurrean beren lan baldintzak eta soldatak duinduko dituzten Nafarroako hitzarmenak aldarrikatzeko. Bestalde, Intiako langileak greban daude, enpresa publiko honek subrogatutako langileek pairatzen duten soldata-diskriminazioari amaiera emateko asmoz. Halaber, hezkuntza arloko langileak ere mobilizazioetan ari dira, haien esanetan “Gimeno kontseilariaren prepotentzia eta ezintasuna” salatzeko, eta kargua uzteko eskatu diote.
Horregatik, LABek Maiatzaren Lehenean, “guztion bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu bat, gutxi batzuen etekinen ordez” aldarrikatuko du . Nafarroako biztanleriaren erdia prekarietate ekonomikoko
egoeran bizi dela salatu du sindikatuak, “horrek dakarren larritasun guztiarekin”. Horregatik defendatzen du Nafarroan birbanaketa-politikak ezarri behar direla; hau da, enplegua, zaintzak eta aberastasuna banatzeko politikak.
Mobilizazioak
► Iruñea, 12:00, Gazteluko plaza
► Altsasu, 12:00, Foruen Plaza
► Doneztebe, 12:00, Merkatu Plaza
► Lizarra, 12:00, Udaletxea
► Tafalla, 12:00, TafallaPlaza
► Tutera, 12:00, Foruen Plaza
