Josu Zabala “Basajaun” ETAko militantearen heriotza argitzeko herri ekimena jarri dute martxan

Atzo aurkeztu zen Etxarri Aranazko plazan egindako ekitaldi batean “BASAJAUN” EGIA ILUNPETIK ARGIRA Ekimena. Aurreratu dutenez, eta beti ere Josu Zabalari benetan gertatu zitzaioa argitzeko asmoarekin, dokumental bat eta liburu bat argitaratuko dira. Horretarako, herritarren laguntza eskatu dute.

2026-ko apirilak 20

Josu Zabala Salegi “Basajaun” ETAko militantearen hilotza 1997. urteko martxoaren 27an aurkitu zuten mendizale batzuk Deba udalerriko Punta Mendata parajean. Ertzaintza eta Eusko Jaurlaritzak zabaldu zuten bertsio ofizialaren arabera, Josuk bere buruaz beste egin zuen.
Bertsio ofizial honek hainbat galdera uzten zituen erantzunik gabe, ekimen honen bultzatzaileek gogorarazi dutenez: Josu dokumentazio eta dirurik gabe agertu zen, bere bihotza zartatu zuen bala ez zen inoiz agertu, bere zapatilletan zeukan lurra ez zen paraje hartakoa…

Instrukzioa gidatu zuten poliziak eta epaileak oso ikerketa arina egin zuten eta galdera hoiek erantzun gabe artxibatu zen auzia. Horregatik, Josuren familia eta lagunek inoiz ez dute bertsio ofiziala sinetsi. 29 urte pasa direnean, herri ekimen bat sortu da Etxarri Aranatzen instituzioek egin gabe utzi zuten ikeketa egin eta Josuren heriotzaren atzean dagoen egia azaleratzen saiatzeko.

Ikerketarekin batera, memoria ariketa bat eginen da Josuk egindako ibilbidea belaunaldi berriei transmititzeko. “Hau dena, ikerketa zein memoria ariketa Pako Aristi idazten ari den liburu batean eta Aitor Kasasatorre filmatzen ari den dokumental batean jasoko dira. Egitasmoak aurrera egiteko herritarren sustengua ezinbestekoa da”, nabarmendu dute ekimenaren bultzatzaileek. Dagoeneko ekarpenak egin daitezke kontu korrontearen bidez (ES04 3035 0116 92 1160027007), Bizum bidez (13976 kodearekin- Ilunpetik Argira elkartea) edota Goteo crowdfunding plataforman .

Ekitaldiaren Josuren ama Maria Jesus eta arreba Nerearen lekukotzak jasotzen dituzten bi bideo ikusi egin ziren, eta Josuren auziak orain arte egin duen ibilbide judizialaren laburpen bat egin zen. Ondoren, Amaia Erdozia Herri Ekimenaren bozeramaileak ireki den ikerketa lerroaren xehetasunak eman zituen, eta ekimena zertan gauzatuko den zehaztu zuen. “Orain arte jaso ez diren lekukotzak jasotzeko lanari ekin diogu; orain arte egin ez diren elkarrizketak egiteari ekin diogu; bere garaian behar bezala sakondu gabe utzi ziren izapide perizialak berraztertzeari ekin diogu. Finean, ikerketa lerro oso bat ireki dugu gure esku dagoen guztia egiteko Josuren desagerpena eta heriotzaren atzean dagoen benetako egia azaleratzeko asmoarekin. Erronka honetan, Pako Aristi kazetariaren eta Oñatiko Gure Bazterrak elkarteko kideen laguntza estimatua izanen dugu. Baina erronka honen benetako eragilea, benetako protagonista herritarrak izanen gara. Gu guztiok izanen gara. Herritik sortu dira eta sortuko dira ikerketan aurrera egitea ahalbidetuko duten informazio berriak; eta herritik jasoko dugun sostenguak eginen du posible ikerketarako behar diren baliabideak eskuratzea.”

Ekitaldiaren amaieran, Josu Zabala Salegi “Basajaun”en familiari esker onez aurresku bat dantzatu zen eta oroigarri bat eman zitzaion opari gisa.

Gehiago