Euskal Herriko ordezkaritza zabala izanen da Gazara blokeoa apurtzeko abiatuko den Global Sumud Flotilla berrian

2026-ko martxoak 31

Euskal Herria batu da Global Sumud Flotillara: aurrez hautatutako 13 partaideen ordezkaritza propio bat Barzelonatik apirilaren 12an abiatuko da “izaera antiinperialista eta antimilitarista sendoarekin”, Donostian egindako agerraldian azpimarratu nahi izan dutenez.

Global Sumud Flotillan parte hartuko duten euskal ordezkaritzako kideek azaldu dute misioaren helburua Palestinako herriari ezarritako itsas blokeoa haustea eta okupazio eta apartheid politiken nazioarteko konplizitatea agerian uztea dela.

Antolatzaileen esanetan, Kubara iritsi berri den flotilla solidarioak Estatu Batuek ezarritako blokeoa hautsi izanak erakusten du “nazioarteko elkartasuna oraindik ere tresna baliagarria dela itotze ekonomikoaren eta isolamenduaren politikaren aurrean”.

Apirilaren 12an abiatuko den flotilla hau nazioarteko desobedientzia zibilaren ekimen bat dela gogoratu dute. Oraingo honetan, Euskal Herriak bere ordezkaritza propioa izango du: aurrez hautatutako aktibistak, herrialde honetako mugimendu sozial, politiko eta sindikalaren aniztasuna ordezkatuko dutenak.

“Euskal parte-hartzearen izaera antiinperialista eta antimilitarista azpimarratu nahi dugu. Nabarmendu nahi dugu Euskal Herriaren presentzia flotillan ez dela soilik laguntza humanitarioa eramateko eta blokeoa desafiatzeko beharretatik sortzen, baizik eta gure borrokekin paralelismo sinboliko bat ezartzeko ere.”

Flotilla berri honen euskal ordezkaritzak mezu argi bat helarazi nahi izan du. “Palestinako herriak okupazioari eta bere lurraren desjabetzeari aurre egiten dion moduan, Euskal Herrian ulertzen dugu elkartasuna aktiboa eta desobedientea izan behar dela. Gure konpromisoa justiziazko bakearekin da, eta horrek esan nahi du militarismoaren, NATOren eta zapalkuntza erregimenak sostengatzen dituen edozein inperialismo motaren aurka argi eta garbi kokatzea. Estatu indarkeria pairatzen duten herrien arteko lankidetzan oinarritutako mundu baten aldeko apustu egiten dugu. Subjetu politiko gisa parte hartzen dugu ez ikusle gida soilik”.

Halaber, salatu nahi izan dute “estatu sionistak bere erasoaldia areagotu” duela bai Gazan bai Zisjordanian, lurralde-hedapen proiektu batean aurrera eginez “Estatu Batuen eta nazioarteko lobby sionisten babes politiko, ekonomiko eta militarrarekin”. Nazioarteko komunitateak genozidio hau gelditzeko duen “ezintasunaren aurrean” ohartarazten dute eraso-logika hori Libanorantz ere hedatzen ari dela. Logika berean kokatzen dute Iranen aurkako erasoak.

Euskal Herriko ordezkaritzako kide diren aktibistek nazioartean egiten ari diren prestaketa logistiko eta formakuntza lanetan parte hartuko dute datozen egunotan. Eta aipatu dutenez, euskal ordezkaritzak arreta berezia jarriko du euskal teknologia militarraren erabileraren salaketan (hala nola “Pegasus” izeneko softwarea edo armamentu salmenta) ente sionistaren eskutik, armagintza industriaren aurkako borroka eta giza eskubideen defentsa maila globalean lotuz. Era berean, sionismoarekin kolaboratzen duten enpresa eta bankuak salatuko dira —CAF, Sidenor, Kutxabank, BBVA, Santander…—, bereziki armamentu eta teknologia militarra ekoizten duten enpresak azpimarratuz (Ecia Xemein, Sapa, ITP Aero, Sener, Aernnova, MTorres, Aciturri, AEG Power Solutions, Novatronic, Orbital, Tecnalia…).

Euskal herritarrei dei egin diete ekimen hau babestera, bai hedabideen bidezko zabalkundearen bitartez, bai bidaia gastuak eta material humanitarioa finantzatzeko abian jarri diren diru-bilketa kanpainen bidez.

Gehiago