Langile bat hil da Balterran lan istripu batean

Heriotza honekin, dagoeneko 15 langile hil dira 2026an Hego Euskal Herrian lan istripuen ondorioz. 2025ean, guztira 62 lan heriotz izan ziren.

2026-ko martxoak 26

ELAk, LABek eta CCOOk zabaldu dutenez, 52 urteko langile bat hil da gaur, Balterrako abeltzaintza poligonoan kokatutako hondakin kudeaketako enpresa batean, pala kargagailu batek jota. ELAk adierazi du informazioa biltzen jarraitzen duela istripuaren xehetasunak argitzeko. Heriotza honekin, dagoeneko 15 langile hil dira 2026an Hego Euskal Herrian lan istripuen ondorioz, LAB sindikatuak eman dituen arabera. 2025ean, guztira 62 lan heriotz izan zirela ere gogoratu dute.

ELAk salatu nahi izan ditu prekarietatean oinarritutako lan jarduerak, eta horiek erabaki ekonomiko eta politikoen ondorioak direla. “Baldintza horiek lan istripuen eta lan gaixotasunen arriskua handitzen dute”, azpimarratu du ELAk.

“Faktore nagusien artean daude lan erritmo handiak, prebentzioari buruzko prestakuntza falta eta baliabide eskasak. Horri gehitzen zaio kontrol instituzional eskasa eta araudiaren ez-betetzea”. ELAk gogorarazi du “istripuak saihestu daitezkeela prebentzio neurriak hartuta”, eta enpresari zein instituzioei erantzukizunak har ditzaten eskatu du.

LAB sindikatuak, bere aldetik, gogorarazi nahi izan du zamadun ibilgailuen inguruan langileen presentzia mugatzen duen prozedurak badirela, hain zuzen arrisku ebaluaketak eta lan prozedurek definitu behar dute lanak nola burutu. “Zalantzarik gabe, oraingoan ere, hauen ausentziak edo ez betetzeak heriotza berri bat eragin dute. Joan zen udan Nafarroako Gobernuak argitaratutako txosten batek adierazten zuen herrialdeko enpresen %80ak ez duela prebentzio araudia betetzen. Gaurkoan ere horietariko baten aurrean agon gaitezke”.

Bihar, martxoaren 27an, 13:00etan, LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde, Hiru eta CGT-LKN sindikatuek kontzentrazio bat deitu dute Lombricultura enpresaren aurrean, Balterran, langilearen heriotza salatzeko eta prebentzio neurriak modu eraginkorrean ezar daitezen exijitzeko.

Asteartean Legution izandako istripuan hil zen langilea, Doneztebeko bizilaguna zen

Asteartean ilunabarrean, Legutioko Olatek enpresan (Egoin taldekoa), zamatze lanetan ari zen
garraiolaria Doneztebeko bizilaguna zen eta Iñaki Erasun Anchorena zuen izena.

Gehiago