Borrokatik norbanakoa kolektibo eginez
olindo zelaia kolektibizatzeko prozesua osatzeko dohaintza kanpaina bat abiarazi genuen.
Itxaso Lizeaga Sistiaga, Mikel Izurzu Gutiérrez
Haritu Elkarlaguntza Sarea
2026-ko martxoak 20
Haritu Elkarlaguntza sareak bere bosgarren urteurrena ospatzen du elkarkidetza eta elkarlaguntza antolatuz erresistentzia praktiketan, sistema kapitalista, patriarkal eta inperialista menderatzailearen logikak zalantzan jarriz eta gaindituz, komunitatearen eraikuntza bultzatuz, logika indibidualisten aurrean komuna dena zaintzen, elikatzen eta sostengatzen duten sareen bidez. Haritu-n gizarte-posizio pobretuenetara bultzatuak diren langile klaseko sektoreak antolatzen dira, besteak beste, pertsona migratu asko, egiturazko arrazakeriak eta migrazio-prozesuei lotutako indarkeriek zeharkatuak. Tokitik ehuntzen da herri antolaketa zeina Euskal Herriko beste eragile batzuekin saretzera zabaltzen den.
Ibilbide honetan, Harituk modu kolektiboan jorratu ditu oinarrizko premien inguruko gaiak, hala nola etxebizitza eta elikadura. Elikagaien autoekoizpenaren adarretik sortu da orain olibondo zelai bat kolektibizatzearen aldeko apustua, bost urtetan zehar olibondo zelaiak “zesio” erregimen baten pean kudeatu ondoren. Urrats horren bidez, proiektuaren autonomia materiala sendotu nahi da, baita lan komunaren emaitza komunitateari osorik itzuliko zaiola bermatu ere.
Nekazaritza-industria eredu nagusiak errentagarritasun ekonomikoa lehenesten du gure bizitzaren eta bizi garen ekosistemaren osasunaren gainetik, desberdintasun sakonak eta ingurumen-suntsipen sistematikoa sortuz. Nafarroan, biztanleriaren zati handi eta gero eta handiago batek elikagaiak eskuratzeko duen zailtasunaren lekuko gara; lurra eskuratzeko zailtasun handiagoaren lekuko; nekazaritza-lanaren prekarizazioaren lekuko; nekazaritzako errentaren desberdintasunaren lekuko, non ekoizleen % 11k laboratu daitekeen azaleraren % 60 baino gehiago kontrolatzen duen; eta labore industrialetarako edo esportagarrietarako joeraren lekuko, tokiko kontsumorako ekoizpen-eredu bat albo batera utziaz. Bestalde, nitratoek kutsatzeko arriskua duten zonek lurraldearen ia laurdena estaltzen dute agroindustriari lotutako kutsatzaileengatik, eta Nafarroako ibaiertzeko kontsumo-uretan ezarritako legezko mugek baina askoz ere maila handiagoak ere detektatzen dira. Ingurumen-presio horiek larriki agertzen dira, halaber, nekazaritza-lurzoruaren higadura-arazoetan, ureztapena gero eta gehiago erabiltzen denean (baita olibadietan ere), edo biodibertsitatea galtzen denean. Izan ere, biodibertsitateak, berez, ondorio ekologiko latzak izateaz gain, biziguneak nabarmen hondatzen ditu, eta arriskuan jartzen du lurraldean elikagaiak ekoizteko gaitasuna.
Era berean, egungo nekazaritza-industria ereduak kontrolik ez duten merkatu globalaren porroten, krisien eta hausturen mendeko eta eraginpeko lurraldeak eta gizarteak sortzen ditu. Ekoizpena korporazio handien eta inbertsio-funtsen eskuetan kontzentratzean, eta esportaziorako edo industriarako laboreak tokiko beharren gainetik lehenestean, erkidegoek autonomia galtzen dute beren bizitzari eusten dioten oinarrizko baliabideekiko: lurra, ura eta elikagaiak. Mendeko eragileen dependentzia horrek, prezioen gorabeherekiko eta intsumoen urritasunekiko kalteberak direnak, edo milaka kilometrora hartutako erabakiekin, ahuldu egiten du haien erresilientzia edozein shock ekonomiko, klimatiko edo sozialen aurrean.
Eredu honen aurrean, lurrarekin eta elikagaien ekoizpenarekin estuki lotutako komunitateak eraikitzeko beharra sortzen da, haien elikadura eta bizitzeko bitartekoak lortzeko prozesuen gaineko kontrola berreskuratzeko gai direnak. Elikadura-subiranotasuna sustatuko duten komunitateak, banaketa-sistema lokalak eta praktika agroekologikoak sustatuko dituztenak, haien autonomia ekonomikoa sendotuz ez ezik, ekoizpena lurraldeko ziklo ekologiko eta sozialekin lotuz, kanpo-inputekiko mendekotasuna murriztuz, eta esplotazioaren, ekozidioaren eta merkatu globalaren krisien aurrean solidaritate- eta erresilientzia-sareak sortuz; autonomia, lankidetza eta birsorkuntza ekologikoa lehenetsiz.
Gogoeta hau ez da abstraktua guretzat: bost urte daramatzagu jarduera agroekologikoa, kulturartekoa eta solidarioa antolatzen baratzeetan eta olibondo zelaietan, loturak sortzen eta komunitatea eraikitzen jarduten dugun bitartean. Hasieran, espazio horiek aukera ematen ziguten jarduera informalen bidez elkar ezagutzeko eta elikagaien ekoizpenarekin konektatzeko. Pixkanaka, jakiak ekoizteko gaitasun handiagoa izan genuen, olibondo zelaietan batez ere, eta 3.000 litro olio birjina estra ekoitzi genituen parte-hartzaileen arteam eta elkartasunezko otarretan banatzeko. Orain, beste urrats bat eman dugu: Artazuko olibondo zelaiaren erosketa kolektiboaren aldeko apustua egin dugu, haren jabetza eta kudeaketa kolektibizatuz, kanpoko jabeekin egindako akordioen mende egoteari utziz — ekoizpenaren % 20 eta % 50 artean entregatzen genuen zesio akordioetan —. Olibondoa kolektibizatu egiten dugu: kapitalaren logiketatik ateratzen dugu; jabetzari ematen genion produktuzko errenta deuseztatu dugu; baita bere ekoizpenaren merkantilizazioa ere; eta bere salerosketaren estorkizuneko espekulazio posiblea; dena, helburu eraldatzaile, komunitario eta solidarioekin. Egitura kolektiboen bidez soilik berma daiteke elikagaien ekoizpenak komunitatearentzat balioa izatea, kanpoko interesentzat beharrean. Egitura horietan, taldearen helburuak banakako edo merkataritzako logiken gainetik daude.
Asmo handiko proiektu horrek, diru kontuari dagokionez, talde gisa ditugun gaitasunak zabaltzen ditu, aldi berean, gure potentzialitatea esperimentatzeko espazio gisa ere jarduten du. Era berean, beste bizimodu posible batzuekiko imajinarioak zabaltzen ditu, eta erakusten du kolektiboki antolatzea, modu solidarioan ekoiztea eta lurraldearekin berriz konektatzea ez dela soilik bizirauteko bide bat, baita etorkizunerako nahi dugun bizitza entseatzeko modu bat ere. Prozesu honek, etengabeko eztabaidak eta zalantzak sortzen dizkigu ere: nola antolatu, erantzukizunak nola banatu edo norbanakoen eta kolektiboaren beharrak nola orekatu. Baina elkarrekin aritzean, erantzunak aurkitzen ditugu, praktikak egokitzen ditugu eta gure ekintza-gaitasuna indartzen dugu. Nahiz eta badakigun horrek ez dituela nekazaritzako industria-sistema eta dauden botere-egiturak eraitsiko, alternatibak eraikitzeko beharrezkoak diren oinarri sozialak eta komunitarioak finkatzen ditu, lurrarekin eta elkarrekiko konfiantza sendotzen duten ekoizpen-praktikekin konektatuz. Gure taldea ez da itxia, eta ez du berarengandik bakarrik bizitzeko oinarri ekonomikoa izan nahi; aitzitik, kolektibizazioak eta olibondo zelai eta baratzetako lanak lan politikorako tresna gisa funtzionatzea bilatzen dugu, borrokan dagoen komunitate zabalago bati lagunduko dioten esperientziak, harremanak eta gaitasunak sortuz.
Zentzu honetan, olindo zelaia kolektibizatzeko prozesua osatzeko dohaintza kanpaina bat abiarazi genuen. Kanpaina hori ere elkarlaneko logika horien parte ere bada: dohaintza egiten dutenen ekarpenak, olibondo zelaiaren erosketa finantzatzen laguntzeaz gain, proiektuan parte hartzeko moduak ere bihurtzen dira, kolektibitatea, elkartasuna eta merkantilizaziotik ihes egiten duen eta komunitatera orientatua dagoen ekoizpen-eredu baten eraikuntza indartuz. Ekarpen bakoitza, txikia izanda ere, lan kolektiboarekin bat egiten duen ekintza politikoa da, eta laguntza materiala eta konpromisoa elkarlotzen ditu sistema kapitalista, patriarkal eta inperialistaren eta mendekotasun- eta desberdintasun-logiken aurrean alternatiba errealak probatzeko aukera ematen diguten praktikekin.
Izan ere, Harituren bosgarren urteurrena ospatzea hau ere bada: ateak irekitzen jarraitzea, kolektiboa zabaltzea eta hurbiltzen den esku bakoitza errealitatea eraldatzeko tresna bihurtzea. Etxebizitzarako eskubidearen defentsan, baratzeetan eta olibondo zelaietan, txikienei bidelaguntan edo komunitateak eraikitzen duen edozein ekimenetan lagundu nahi duen orok du lekua. Indibidualismoaren, isolamenduaren eta etsipenaren aurrean, antolaketa eta elkarlaguntza bultzatzen dugu. Borrokak bide bakarra izaten jarraitzen du, eta bertan, elkarrekin, geldiezinak gara.
