Azken lan istripu hilgarria salatu dute sindikatuek Rokopolisen aurrean eta Chiviteri eskatu diote Lan Ikuskaritza Nafarroatik kudeatzea

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT-LKN sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, asteartean Berriobeitiko Rocópolis rokodromoan izandako lan istripuan hildako 51 urteko langilearen heriotza salatzeko. Ezbeharra argitzea eta erantzukizunak eskatu dituzte bildutakoek.

2026-ko otsailak 27

Langilea instalazioko teilatuan mantentze lanak egiten ari zela gertatu zen istripua. Antza denez, ez zituen beharrezko babes neurriak eta, nabearen estalkitik ibiltzean, nabea hautsi egin zen, eta, ondorioz, langilea erori eta hil egin zen.

Mobilizazioan, Joseba Pagola LABeko ordezkariak hitza hartu du eta adierazi du mota honetako ezbeharrak enpresek lan osasunaren inguruko araudia ez betetzearen ondorio direla, Nafarroako Gobernuak argitaratutako ikerketa txostenak datu hori berresten duelarik, ez-betetze maila enpresen %80an kokatuz.

Era berean, kontrol eraginkorrik eza eta lan arriskuen prebentzioan izandako hutsegiteen aurrean instituzioen pasibotasuna kritikatu ditu. “Berriro ere langile hildako bat enpresetan ez delako Lan Osasunaren araudia betetzen. Enpresariek ez dutelako legea betetzen. Eta noski, instituzioek ez-ikusiarena egiten dutelako.”

Pagolak Maria Chivite Nafarroako presidenteari eskatu dio Lan Ikuskaritza Nafarroatik kudeatu dezala eta beharrezko neurriak har ditzala horrelako istripu hilgarriak berriro gerta ez daitezen.

Heriotza honekin dagoeneko bi dira 2026an Nafarroan lan-istripuan bizia galdu duten langileak, deialdia egin duten sindikatuek gogorarazi dutenez. Plantillen segurtasuna eta osasuna bermatzea enpresen betebeharra dela azpimarratu dute. Are gehiago, altuerako lanetan, non banakako babes-ekipoen erabilera erraztu eta gainbegiratu behar dute eta dagozkien prebentzio-baliabideak izan.

Gehiago