Kurdistanen aurkako eraso yihadista salatu eta elkartasuna adierazi diote Rojavari Iruñetik

2026-ko otsailak 1

Urtarrilaren 19tik, Siriako Indar Demokratikoak eta herri kurdua erasopean daude. SDF, YPJ eta YPG dira Sirian ISIS garaitu zuten indarrak. Kobanen erresistitu zutenak, orain Al Shara (Al Qaedako kide ohia) buru duen “Siriako Gobernu Trantsizionalak” erasotzen ditu. Azken orduetan ezagutu da su eten bat adostu egin dela, astelehenean ezarriko dena.

Elkartasun elkarretaratzea antolatu dutenek gogoratu dutenez, egungo lurralde siriarreko herri kurduak “banaketa inperialistaren ondorioak” pairatzen ditu. “Hau Israel, Turkia eta AEBen artean adostutako sarraskia da. Mendebaldeko gobernuek bizkarra ematen diote ISISek zuzenean aurre egin eta boteretik kendu zuenari”, salatu dute.

Kobane hirian egoera humanitarioa “izugarria” dela ere nabarmendu dute. “Kobane hiria setiatuta dago, edateko urik eta elektrizitaterik gabe. Herritarrak eta defentsa-indarrak basatiki torturatzen ari dira.
Rojavako proiektu iraultzailea arriskuan dago. Ekialde Hurbileko emakumeen askapenean, kulturen arteko bizikidetzan, ekonomia komunalean eta ekologia sozialean oinarritzen den proiektu eredugarria. Era berean, ISISeko terroristak kartzeletatik ateratzen ari dira, Al Qaedaren laguntzarekin. Ez da kurduen eta arabiarren arteko gerra. Gutxiengo etnikoen, giza eskubideen eta emakumeen oinarrizko eskubideen aurkako eraso faxista da”.

Elkartasuna eta sostengua mundu mailan zabaltzen ari den honetan, mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute. “Kurdistanek gure laguntza behar du, eta mundu osoko lagunek mobilizaziora deitzen dute, gerra hau mediatikoki manipulatu eta isilarazia delako, eta “Siriako gobernuak” itunak sistematikoki hausten dituelako. Herritarrak erne egotera, informatuta egotera eta lurraldean bizi direnei elkartasuna adieraztera deitzen ditugu”.

Gehiago