“Afrikatik hona: migrazioa, lana eta zaintza kolektiboa” lelopean eginen dira Ekonomia Solidarioaren XIX. Jardunaldiak Iruñean
Otsailaren 6, 7 eta 10ean Katakrak eta Plazaran egingo dira hiru mahi inguru.
2026-ko urtarrilak 27
REAS Nafarroak Ekonomia Solidarioaren XIX. Jardunaldiak antolatu ditu Afrikatik datorren migrazioan arreta jarriz eta migrazio-fluxu horien protagonista direnei ahotsa emateko. “Giza mugimendu horien arrazoietan sakondu nahi dugu, eta migrazioak gaur egun Nafarroako gizarte osoari, baita Ekonomia Solidarioari ere, egiten dion ekarpena aztertu nahi dugu”, diote antolatzaileek.
Jardunaldi hauetan hartuko dute parte, besteak beste, Africa United elkarteko kideek, Nahia Sanzo Geopolitikaz taldeko kazetaria eta adituak, Flor de África Nafarroako Emakume Afrikarren Elkarteko eta Black Power gazte elkarteko ordezkariek, Quinndy Akeju Afrocolectivo kolektiboko kideak, Houssine Yagoubi Huerta de Peraltako langile ohiak eta Ruben Lasheras soziologo eta NUPeko ikertzaileak. Bestetik, REAS sarean edo Ekonomia Sozialaren hainbat enpresa eta kooperatibak ere presente izanen dira.
“Jardunaldi hauen bidez, Afrikako kontinentean kolonialismoz betetako mendeen ondoren bizi den egoera sozial eta politikoari buruzko hausnarketa egin nahi dugu, potentzia eta eragile ekonomiko desberdinen menderatze modu berriak azpimarratuz. Kolonialismoak, baliabideen espoliazioak eta afrikar populazioaren azpiratzeak miseria, ustelkeria, gerrak eta gatazkak eragiten dituzte, bai eta giza exodoa ere beren jatorrizko herrialdeetatik beste latitude batzuetara”, aipatzen dute antolatzaileek. Ikuspuntu historiko eta geopolitiko hau jorratzeko, lehenengo hitzaldian (otsailaren 6an, ostirala, 18:30ean Katakraken) Africa United kolektiboko Modou Faye «Beltxa» eta Geopolitikaz-eko kide den Nahia Sanzok hartuko dute parte, Mikel Urabaien gidaritzan.
Migrazio prozesuan pertsona hauek bizi behar izan dituzten baldintzak ere aztergai izanen dituzte. “Beren lurra utzi behar izateaz gain, askotan beren bizitzarako arriskutsuak diren baldintzetan, arrazakeriari eta xenofobiari aurre egin behar diete, eta, gainera, ia ezinbestean pobreziara eramaten dituzten migrazio-politikak pairatu behar dituzte”. Gai hauek jorratzeko, bigarren mahi inguruan (otsailaren 7an, larunbata, 11.00etan Plazara aretoan), Flor de África Nafarroako Emakume Afrikarren Elkarteko eta Black Power gazte elkarteko kideek hartuko dute hitza. Era berean, Quinndy Akeju Afrocolectivo kolektiboko kidea eta Houssine Yagoubi Huerta de Peraltako langile ohi eta sindikalista izanen dira euren testigantza emateko. Jaione Eugui Nafarroako Munduko Medikuen komunikazio arduradunak dinamizatu du ekitaldia.
Egunari amaiera emateko, Nafarroako Zaska Zurrumurruen Aurkako Sarearen eskutik, dinamika bat egingo da «Zeintzuk dira gure pribilegioak eta nola aurre egin gorrotozko diskurtsoei ?» izenburupean.
Ekonomia Solidarioaren baitan, lan eta bizi esperientzia eraldatzaileak
Bestetik, Nafarroako Ekonomia Solidariotik biztanleria migratuaren bizitza eta lana duintzeko abian jartzen ari diren esperientzia eraldatzaileak ezagutu eta aztertu nahi dituzte jardunaldietan. Horretarako, mahi inguru berezia osatu dute azken jarduera bezala. Otsailaren 10ean izanen da (18.30etan, Katakrak) eta parte hartuko dute Ruben Lasheras soziologo eta NUPeko ikertzaileak eta Traperos de Emaus, Transforma, Cuidando-T, eta Tierra Limpiezas Ecológicas S. Coop-ko ordezkariek.

