Aske jaialdiak Palestinaren aldeko jarrera indartuko du boikot kanpainarekin bat eginez
Edari eskaintza osoan produktu sionistatik ez eskaintzea erabaki du jaialdiko antolatzaileek.
2025-ko abenduak 22
Abenduaren 27 honetan ospatuko da Atarrabian ASKE jaialdiko lehen edizioa, eta oraingo honetan ez dira izanen ohikoak diren hainbat edari marka horiek sionismoarekin duten loturagatik. “Euskal Herriaren eta euskal jendartearen askatasuna aldarrikatuko dugu oholtza gainean. Eta horrek, noski, egungo testuinguruari erreparatu eta aurre egiteko ardura dakar berekin”, adierazi dute antolatzaileek.
“Oldarraldi neoliberalaren eta faxismoaren gorakadaz gain, geure mundua astintzen duten gerra hotsek ere dardara eragiten dute gurean. Zehazki, Palestinako herria sufritzen ari den genozidioa azpimarratuko nahiko genuke. ASKE izan nahi dugunok desio bera dugu gainontzeko herri zapalduentzat. Horregatik, ASKE jaialdi honetan Palestinako herriari elkartasuna adieraziko diogu. Eta aldarrietatik egiteaz gain, ekiteko eta praktikara jauzteko konpromisoa hartu dugu”, azaldu dute.
Edari sionistarik ez eta km0 produktuak
Konpromiso hori zertan gauzatuko den zehaztu dute: “ASKE jaialdian Israeli boikot dinamikarekin bat egin dugu. Hilabeteko lanaren ostean, barrako eskaintzan erabateko boikota egitea lortu dugu. Hori dela-eta, ASKEn kontsumituko diren edarien artean ez da sionismoarekin harremanik duen produkturik zerbitzatuko. Horrez gain, sukalde eskaintzan Nafarroako produktuak lehenetsi ditugu, geure balioen isla izan dadin ahalik eta neurri handienean”.
Edarien eskaintzari dagokionez, jaialdiko antolakuntzak Israelekin ahalik eta harreman ekonomiko murritzena izatea izan dute helburu. “Horretarako BDZ dinamikarekin jarri gara harremanetan, eginkizun horretan argipenak eskuratzeko. Erabateko boikota egitea lan zaila den arren, pozik gaude edari eskaintza osoan lortu dugulako produktu sionistatik ez eskaintzea eta bide horretan jarraituko dugu lanean datozen edizioetan ere”.
