Mikel Zabalza gogoratu dute bere hilketaren 40. urteurrenean egia, justizia eta erreparazioa eskatuz

2025-ko azaroak 30

Urtero legez, azaroaren bukaeran Orbaizetako Olan egiten da Mikel Zabalza gogoratzeko ekitaldi xumea. Aurtengoa, berriz, berezia izan da. 40 urte bete dira atxilotu, torturatu eta erail zutenetik Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kasernan, eta bere oroimena bizirik dagoela eta oraindik ere mantentzen den bertsio ofiziala ez dela sinesgarria erakusteko jendetza bildu da Aezkoako herri honetan.

Egia, justizia eta erreparazio eskaera berretsi nahi izan dute gaurkoan ekitaldiaren antolatzaileek, eta horretarako ezinbestekoa jo dute urte guzti hauetan oroimena eta aldarrikapen hauek bizirik mantendu dituztenen kemena. “Hemen gauden zenbaitek ez genuen gertatutakoa berez ezagutu; beste batzuek bai, bizi izan zenuten; eta garaian Mikeli egindakoa urtez urte birgogoratzeko hautua hartu zenuten, ezagutu ez genuenoi gertatu zenaren berri emanez. Zuei guztiei (eta ez daudenei) gure esker ona ematea dagokigu, zuek mantendu duzue-eta oroimenaren haria bizirik!”

Ez dauden horien artean, gaur Orbaizetako apaiza zen Jose Luis Molinat ekarri nahi izan dute gogora. “Mikelen kasua ezagututa, beste alde batera begiratzea zuelako, baina ez zuelako halakorik egin. Ausarta izan zen, dudarik gabe, gauzak behar bezala izendatu zituen; honek ekarri zizkion ondorioei erreparatu gabe, eta ongi dakigu ondorioak izan zituela, mehatxuak, esaterako”.

Duela 40 urte eta denbora guzti honetan Zabalzaren auzia salatu duten guztiei esker “egia soziala “instituzionala” bihurtu egin dela nabarmendu dute. “Gezurrari, egia”, esan zuen Molinatek, eta “torturari-biolentziari, askatasuna-elkartasuna”.

Orbaizetako Olan “Oroimenaren Busa” jarri dute Ekimen honen bidez, Mikel Zabalza Gogoan ekimenak erakusketa bat Euskal Herriko hainbat txokoetara eramanen du. Datozen egunotan Garraldan, Aurizberrin, Auritzen eta Agoitzen izango da busa, eta abenduaren 4tik aurrera Iruñean. Autobus Bira honek abenduak 14an izango du amaiera Donostian. Dbuseko langileek, orain 40 urte bezala, autobusa eramango dute Kotxerasetik Bulebarrera. Hor bilduko jendea harrera egiteko.

Espainiako Gobernuari eskaera argi bat luzatu diote. “Desklasifika dezatela auziari lotutako informazio guztia. Dituzten dokumentuak ezagutzea, publiko egitea, ezinbestekoa da justizia eta erreparazioari bidea irekitzeko eta zigorgabetasunarekin amaitu ahal izateko. Eta Espainiako Gobernuaren esku dago egitea”.

Gehiago