IAk abertzaletasuna baztertu du bere izena aldatuz eta estrategia komunistan berresten da bere VIII. Kongresuan

Atzo Berriozarren bildutako ehunka militanteek erabateko adostasunarekin berretsi dute VII. Kongresuan Errainu ponentziaren eskutik hartutako estrategia komunistaren bidea. Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren baitan aritzea eta antolakundearen izena eguneratzea erabaki dute: hemendik aurrera Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialista izena hartuko dute, "Abertzalea" euren sigletatik baztertuz. Hala ere, Euskal Estatu Sozialista aldarrikatzen jarraituko dutela ziurtatu dute.

2025-ko azaroak 30

VIII. Kongresu honetan, VII. Kongresuan Errainu ponentziaren eskutik hartutako estrategia komunistaren bidea berretsi dute. Zentzu horretan, Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren baitan aritzea eta antolakundearen izena eguneratzea erabaki dute erabateko adostasunez. Hemendik aurrera, Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS) izena erabiliko dute. “Izen berri honekin, batetik, gure izaera sozialista-iraultzailea nabarmendu nahi izan dugu; eta bestetik, azpimarratu dugu gure jardun-eremua Euskal Herria dela, zeinetan nazio-zapalkuntzari aurre egitea eta hura deuseztatzea lehentasunezkoa den oraindik ere”, zehaztu dute.

Zabaldutako oharrean, IASek nabarmendu nahi izan du VIII. Kongresu honen garrantzia. “Aurreko belaunaldien lekukoa hartu eta beraien ibilbideak utzitako irakaspenetatik proposamen estrategiko eta organizatiboa gaurkotu eta garatu dugu. Ikasle langileon interesak babestuko dituen ikasle-antolakundea izan nahi du IASek, eta zentzu horretan, hezkuntza-sistema sozialistaren aldeko hautua egiten dugu helburu estrategiko bezala. Euskal Herriko langileriaren borroka historikoa berretsi eta geure egiten dugu, eta autodeterminazioa eta Euskal Estatu Sozialista aldarrikatzen ditugu. Horrez gain, faxismoaren aurkako eragile aktiboa izan nahi dugu; faxismoari hezkuntzan eta ikasleon artean hedatzen utziko ez dion eragile aktibo bat”.

Gehiago