Gehiengo sindikalak Nafarroarako Gutxieneko Soldata propioaren aldeko aldarrikapena Parlamentura eraman dute
Sindikatuek bilera eskaerak aurkeztu dizkiete talde parlamentarioei (VOX izan ezik), Nafarroak LGS propioa ezartzeko eskumena bere gain hartzea ahalbidetuko duen lege baten tramitazioa abiaraz dezaten.
2025-ko azaroak 28
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek 2025eko hasieran martxan jarri zuten Nafarroak bere Gutxieneko Soldata ezarri ahal izateko dinamika. Horretarako, UGT, CCOO eta CEN gonbidatu ziren Hitzarmen Interprofesional bat sinatzera. Hala ere, hiru erakundeetako bat ere ez zen bilerara joan, jenderik zaurgarriena (pertsona migratuak, emakumeak, gazteak…) mesedetuko lituzkeen proposamen baten aurkako jarrera argia erakutsiz. Ildo beretik, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek salatu dute María Chivite presidenteak ekimen honen sustatzaileekin biltzeari uko egin ziola.
Helburu berarekin, Nafarroan Gutxieneko Soldata arautzeko eskumena lortzeko Herri Ekimen Legegilea martxan jartzeko prozedura abiatu zen, baina Parlamentuak ez zuen tramitera onartu argudiatuz arazo juridikoak zeudela.
Hala ere, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek ez dute amore emango Nafarroak LGS propioa ezarri ahal izatea lortzeko ahaleginean. Horregatik, udako hilabeteetan sinadura bilketa egin da, eta hiru hilabetetan 18.316 nafar langileren babesa lortu da. Kopuru horrek hirukoiztu egiten du Herri Ekimen Legegilea martxan jartzeko eskatzen den gutxieneko sinadura kopurua.
Gaur Parlamentuan bildutako sinadurak entregatu dira. Era berean, bilera eskaerak egin dizkiete talde parlamentario guztiei, VOXi izan ezik, Nafarroak Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko eskumena bere gain hartzea ahalbidetuko duen lege baten tramitazioa abiaraz dezaten.
Helburu horrekin bertan, ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek giza kate bat egingo dute Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Parlamentua lotuko dituena, datorren abenduaren 11n, 11:00etan.
Gehiago
LABek Manuel Torres enpresaburuaren Urrezko Domina berriz aztertzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari, bere negozioak Palestinako genozidioan izan dezakeen inplikazioa argitu arte
Iruñeko Haur Eskoletako langileek lanaldi partzialeko kontratuen igoera salatu eta eskola mistoen eredua ezetsi dute
