Beharrezkoa denean Ez esatea

Tere Gorriz, Oliva Vallejos

Gerrarik Ez! plataforma

2025-ko azaroak 7

Trumpek nabarmendu du Espainiak % 5era igo behar duela defentsan gastatzen duen BPGa. Badirudi Trumpek sinetsi egin diola Pedro Sanchezi % 2,1ekin nahikoa dela esan dionean, eta haserretu egin da.

NATOtik kanporatuko gaituela ohartarazten digu, eta horrek aktibista antimilitaristei lan asko aurreztuko liguke beste gauza batzuetan aritzeko. Gerrarik ez-etik erabaki hau azkarra ez eze supersonikoa izatea nahiko genuke. NATOren estatutuetan ez dago jasota zigor hau eta zaila izango da zinez.

NATOtik kanporatzea ezinezkoa dela esan diotenez, muga-zergak igotzeko mehatxua egitea bururatu zaio. Baina horiek blokean soilik igo ditzake, EB osatzen duten herrialde guztiei, ez Espainiari bakarrik; ez dirudi neurri hori erraz gauzatu daitekeenik.

Baina lasai egin dezake lo, erakunde antimilitaristen arabera iaz BPGaren %2,5 eta 3,46 artean gastatu ziren jada (edo %4,11 sekuritizazioa gehituz gero). Zifra dantza hori gastu militarrak Estatuko Aurrekontu Orokorretan izan duen iluntasunaren isla da; izan ere, beste ministerio batzuei partida militarrak esleitu zaizkie, kontingentzia-funtsak iruzurrez erabili dira, eta gastu-aldaketak izan dira. Datorren urterako Estatuko Aurrekontu Orokorren aurkezpena gardena izatea exijitzen dugu, BPGaren % 5 gainditu dugun argituko diguna.

Horregatik esan behar da Ez. Eufemistikoki Defentsa Minesterioa deitu den horren politikei (askoz argiago AEBko Gerra Departamentuaren izen berria). Zeinak dakarkiten gastu militarra handitzea, industria militarra industria zibilean enpresa handi, zein txiki eta ertainetan inbrikatzea, zerbitzu militarra inposatzea, hizkera militarra erabiltzea, eraso egin nahi digun etsai adiskidegaitza bilatzea.

Bai esateak, politika guzti horiek onartzeak, gastu sozialetarako dirua murrizten du eta gerrak sortzen ditu horrek dakarren guztiarekin: hildakoak, mutilatuak, suntsiketa, hondamendi ekologikoa, gorrotoa eta miseria herritar gehienentzat.

Gaur egun, 50 gatazka armatu baino gehiago daude. Batzuk duela 77 urte sortu ziren, esaterako, Palestinan estatu sionista sortu zenean; beste batzuek 50 urte beteko dituzte, adibidez, Madrilgo Hiruko Akordioak sortutakoa, zeinaren bidez Espainiak Mendebaldeko Sahara Mauritaniari eta Marokori ematen baitzion; Ukrainakoak bosgarren urtea beteko du jada (edo hamabigarrena, Donbasen altxamendua kontatzen badugu); Sudán, Myanmar, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Uganda, Etiopia, Libia, Irak edo Afganistan.

Gerrak noiz hasten diren jakina izaten da, baina ez noiz bukatuko diren. Gerra horietako asko kronifikatu egiten dira, bando baten eta bestearen atzean beste herrialde eta enpresa batzuk daudelako, diruarekin eta armekin eragiten dutenak. Israelek apartheid eta genozidio politikari eusten dio AEBren eta Europar Batasunaren babes militar, ekonomiko eta politikoagatik; Ukrainak Errusiari aurre egiten dio NATOren babesarekin; Errusiak bere gaitasunari eusten dio Txinaren eta garapen bidean dauden beste herrialde batzuen laguntzagatik; Maroko AEBk, Frantziak, Espainiak eta Israelek babesten dute, etab.

Aktore armatuek gatazkak konpontzeko indarkeria baino ez dute sustatzen. Arma eraginkorragoekin gerrak irabaz daitezkeenaren ideia saltzen digute. Eta logika horrekin hasten da arma-karrera, non milioika euro gastatu behar diren armamentuan, askotariko gizarte-beharrak finantzaketarik gabe utziz.

Armen osagaiak egiten dituzten enpresa handi, ertain edo txikiek ateratzen dituzte etekinak eta biztanleria zibila, kasurik onenean, baliabiderik gabe geratzen dena da, eta gerra lehertu den lurralde batean bizitzearen “zorte txarra” badu heriotza eta suntsiketa baino ez du jasotzen. Ez dirudi, hain zuzen, garai lasai batera hurbiltzen ari garenik.

EZ-antimilitarista bat falta zaigu, gauzak horrela ez direla konpontzen esango duena. Ideia supremazista, kolonialista, sionista, arrazista eta inperialisten aurka tinko mantenduko dena. Gatazkak konpontzeko oinarria elkarrizketa dela aldarrikatuko duena..

Ez dugu ahaztu behar Nazioarteko Zigor Zuzenbidea sustatzea, bai Nazioarteko Justizia Gortea, eta bereziki Nazioarteko Zigor Gortea, non gizateriaren aurkako krimenak, eraso-krimenak, gerra-krimenak eta genozidioak epaitzen diren.

Mugimendu antimilitaristak momentu handiak izan ditu: Liberiako sexu greba “Women of Liberia Mass Action for Peace”-ek sustatua edo hurbilago derrigorrezko konskripzioa desagerrarazi zuen armadarekiko intsumisio mugimendua, edo Irakeko gerran “Ez gure izenean” kanpaina.

Eta une hauetan erronka handiak ditu: Palestinako apartheida eta genozidioa gelditu, arlo militarrean egiten diren gastu milioidunak salatu, industria militarraren hedapena eragotzi eta Europako zenbait estatuen derrigorrezko konskripzioa salatzen jarraitu.

Gastu militarraren aurkako eragozpen fiskala, armadarekiko intsumisioa eta gerran desertzioa babesten jarraituko dugu. Laneko kontzientzia-eragozpena sustatuko dugu tresneri militarra ekoizten dituzten enpresetan.

Azken finean, logika militarrean murgiltzeari Ez aldarrikatzen dugu.

Ez da ez erraza izango baino gerrak ez duela gauza onik badakigunez, alda dezagun norabidea.

Gerrarik Ez! Genozidiorik Ez! Okupaziorik EZ!

Gehiago