Iturmendin izandako lan istripu hilgarria salatu dute sindikatuek

Iturmendin basogintzako langile bat hil zen atzo zuhaitz batek kolpatuta. ELA eta CCOO sindikatuek salatu dute Nafarroak lan istripu oso kopuru handia duela. Nafarroan urteko lehen hamar hilabeteetan 20 pertsona hil dira lan istripuz, estatuko laneko heriotza tasarik altuena.

2025-ko urriak 31

62 urteko langile bat hil zen atzo arratsaldean Iturmendin (Nafarroa), zuhaitz batek kolpatuta. ELA eta CCOO sindikatuek ohar bidez senide eta lankideei euren babesa eta elkartasuna adierazi nahi izan diete. Lan istripu hau behar bezala ikertzeko ere eskatu dute “gertatutakoa argitu eta egon daitezkeen erantzukizunak argitzeko”, ELAren esanetan.

    

ELAren datuen arabera, 2025eko lehen hamar hilabeteetan 20 pertsona hil dira lan istripuz Nafarroan. “Gaur egun, Nafarroa da estatuko laneko heriotza tasarik altuena duen lurraldea, eta bi astean behin pertsona bat hiltzen da lanean edo hara bidean. Atzokoa urteko bigarren heriotza da basogintza sektorean. Bertan, enpresek segurtasun-neurri espezifikoak ezarri behar dituzte mota horretako ezbeharrak saihesteko, eta, hala ere, ezbehar-tasa bereziki handia da, horrelako neurririk ez dagoelako”.

    

ELAren iritziz, egoera horren erantzuleak patronala eta erakunde publikoak dira. “Datu ofizialen arabera, Nafarroako enpresek ez dute prebentziorik egiten, edo egiten badute, paperean geratzen da. Hala eta guztiz ere, patronalak absentismoari buruzko diskurtso faltsua elikatzen jarraitzen du, enpresek beraiek sortzen dutenean; izan ere, baja arrunten erdiak lan-baldintza eskasekin lotuta daude”.

ELAk lan istripuak sahiesteko baliabide nahikoak eskatu ditu berriz ere, eta lan-ikuskaritzako plantilla 45 pertsonara arte igotzea. 


Gehiago