Germanen hilketa eta 1978ko Sanferminetan gertatutakoa ez du ikertuko Madrilgo Fiskaltzak

2025-ko urriak 11

Sf78

Sanfermines 78: gogoan! ekimenak jakitera eman duenz, German Rodriguezen anaiak Madrilgo Giza Eskubideen eta Memoria Demokratikoaren Gelako Fiskaltzan gertakariak ikertzeko aurkeztutako eskaria atzera bota dute.

2024ko azaroan egin zuen eskaria eta horretan eskatzen zen Espainiako Barneko, Defentsa eta Lehendakaritza ministerioek edota Estatuak Nafarroan duen Ordezkaritzak izan zezaketen 1978ko sanferminetan jazotako gertaeren inguruko informazio guztia Fiskaltzari ematea.

Gogoratu behar da Memoria Demokratikoaren Legean zehazten dela Giza Eskubideen eta Memoria Demokratikoaren Gelako Fiskaltzaren eginkizuna dela Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren urraketa sortu duten ekintzak ikertzea. “Ia bi urte iragan direlarik, eta Giza Eskubideen eta Memoria Demokratikoaren Nafarroarako Fiskaltza Delegatuarekin izan ditugun bileren ondoren, ez da arestian aipatutako ministerioetan ezta Gobernuak Komunitate honetan duen Ordezkaritzan ere inolako izapiderik egin”, salatu dute ekimen memorialistako kideek.

Are geihago, Giza Eskubideen eta Memoria Demokratikoaren Nafarroarako Fiskaltza Delegatuak dekretu bat eman du, Madrilgo gelako Fiskaltzak berretsia, non deklaratzen duen “irekitako izapide preprozesalen artxiboa, ulertzen baitu ez dela posible aurrekoa gauzatzea baldin eta egitate berdin horiei buruzko prozesu judizial bat, aribidean edo artxibatua, existitzen bada”. Horrekin aipu egiten da German Rodriguezen ahaideek, 1978ko sanferminetan larriki zauritutako zenbait pertsonak eta Sanfermines 78: gogoan! elkarteak paratutako oraingo kereilaz, Fiskaltzaren irudiko irmoki artxibaturik baita. 

Sanfermines 78: gogoan! elkarteak Fiskaltzaren borondate falta salatu du, izan ere “22 hilabeteotan, ez du inolako izapide preprozesalik ireki”. “Non gelditzen da Konstituzioan eta Memoria Demokratikoaren Legean aipatutako artxiboetarako sarbide librea izateko eskubidea? Non gelditzen da Fiskaltza horretan paratutako esperantza, krimen frankistak ezkutatzen segitzen duen inpunitate estalkia goititu dezan?”, galdetzen dute ekimen memorialistakoek.

Gehiago