Aske jaialdiko estreinaldirako lehen 1.000 sarrerak eskuragarri dira, prezio berezian
2025-ko urriak 3
Hatortxu Rock elkartasun jaialdiaren amaiera iragarri zenean, Aske jaialdiaren sorrera ere iragarri zuten, eta abenduaren 27an Atarrabian ospatuko den hitzordu solidario honen sarrera salmenta gaur jarri dute martxan.
Auzolanean oinarrituriko jaialdi honekin euskal errepresaliatuen beharrei erantzutea bilatzen da. “Negu honetan bide berri bati emango diogu hasiera”, aurreratzen dute, eta jaialdi musikala “gure jendearen askatasuna” aldarrikatzeko baliatuko dutela azpimarratu dute. “Aske izateko jaio garela esatera igoko gara oholtzara. Herri honen eta bere jendearen askatasuna aldarrikatzera”.
“Askatasunaren aldarri bihurtuko dugu Atarrabia, soinu hotsek hedatu dezaten gure deiadarra. Egoerari aurre egiteko unea da, ez baikara haien hitzetan, ikurretan, mapetan, gorputzetan… haien bizitzetan kabitzen! Herri hau herri egiten dugunon artean egingo dugu, auzolanean”.
Sarreren aurrerapen berezia
Laster iragarriko dira eszenatokira igoko diren artisten izenak eta sorpresak, baina gaurtik aurrera, lehen 1.000 sarrerak izango dira salgai, aurrerapen berezi moduan. Sarrerak www.askejaialdia.eus atariaren bitartez erosi ahal izango dira 25 euroren truke. Webgune berean zabalduko da jaialdiaren inguruko informazio guztia, baita jaialdiaren sare sozialen bidez ere.
