Lizarrako Pui Prozesioan salatutako 27 gazteen aurkako auzia artxibatu du epaitegiak

Raimundo el Canastero musika taldeko kideen absoluzioaren ondoren iritsi da albistea. Herriko 27 pertsona auziperatu zituzten txoznen inguruko gatazkan Lizarrako Udalaren aurkako protesta baketsu batean parte hartzeagatik. Epaitegiak auzia artxibatzea erabaki du, eta gainera Bajadicako protestaren izaera tradizionala aitortzen du.

2025-ko urriak 1


“UPN buru duen udalak, hiru polizi gorputzek (Udaltzaingoaren protagonismoarekin), eskuin
erreakzionarioaren artilleria mediatiko guztiak eta protesta politikoaren eskubidea erasotzea
helburu duen legediak, epaiketa bat eragiten saiatu da”, salatu dute auziperatuen aldeko ekimenak, baina oraingo honetan ere ez du lortu bere helburua.

Albistea positibotzat jo duten arren, gertatutakoa ez dutela ahaztuko aitortzen dute. Izan ere, herri mailako giroa asko tentsionatu da UPNk hainbat arloetan hartutako erabakiek (euskara, txoznak, ikurriña…) eta kriminalizazio saiakerekin batera epaitegietan martxan jarritako salaketak bere ondorioak izan dituzte. Udalak “abokatu bat diru publikoarekin ordaindu duen bitartean, guk ahalegin pertsonalarekin ordaindu behar ditugu gure abokatuak”, gogoratu dute auziperatuek.

“Argi geratu da, halaber, Lizarrako udaltzaingoaren asmo jazartzailea. Epaileak berak adierazi du ez duela ulertzen une horretan zeuden ehunka pertsonen artean 27 pertsona horiek aukeratzeko arrazoia. Ez da kasuala, gure kideetako askok herriaren gizarte-ehunean inplikatutako pertsonak direla eta horrelako prozesuek inplikazio hori zigortzea eta inplikatu daitezkeenak beldurtzea bilatzen dutela” iritzi dute.

Azkenik, hilabete hauetan jasotako laguntza guztia eskertzen dute eta ohartarazten dute Udalak helegitea jarri dezakela, baina adierazpen askatasuna eta txoznen aldeko lanean jarraituko dutela aurreratzen dute.

Gehiago