Akordiorik gabe, aurrera doa Iruñerriko garraio publikoaren greba mugagabeak, Sanferminetan eragina izanen duena
Billabesetako gidarien gehiengoak grebaren aldeko hautua egin zuen atzo egindako galdeketan.
2025-ko uztailak 2
Iturria: Euskalerriairratia.eus
Billabesetako gidarien greba mugagabea abian da. Atzo, langileek TCC enpresaren azkeneko proposamena bozkatzeko aukera izan zuten eta gehiengoak deuseztatu eta grebara jotzeko hautua egin zuten. 412 langilek hartu zuten parte galdeketan eta horietatik 264k mobilizazioekin jarraitzearen alde egin zuten. Kontra berriz 148k. Atzo zen hastekoa greba, baina langile batzordea plantillarekin kontsultatzea erabaki zuen. Hala ere, ohartarazi zuen, TCCk ez zituela aurrera pauso nabarmenik eman eta ondorioz, greba martxan da eta nabaritzen hasia da honezkero Iruñerriko kaleetan autobus gutxiago daudela.
TCC enpresa prest agertu zen soldata KPIa bezainbeste igotzeko, baina langileen batzordeak gogorarazi zuen proposamen hau aurreko hitzarmenean jada jasota zegoela. Langileek bajen tratamendua, lanaldi-murrizketa, jaiegunetako eta gaueko plusak, edo hitzarmen berriaren inguruan nahi zituzten adostasunak baina ez da posible izan.
Langile batzordea eta TCC enpresa negoziatzen jarraituko dute aste honetan eta Sanferminak hasi baino lehen akordioa lortzeko borondatea agertu dute. Hala eta guztiz ere, akordioa urrun ikusten da.
%60 eta %40 arteko zerbitzu minimoak ezarri ditu Mankomunitateak
Uztailaren 2a eta 4a artean, % 60koak izango dira puntako orduetan (06:30etik 09:30era, 13:00etatik 15:30era eta 17:00etatik 20:30era) eta % 40koak ordu lasaietan (09:30etik 13:00etara, 15:30etik 17:00etara eta 20:30etik 22:30era) ohiko laneguneko zerbitzu arruntari dagokionez. Gaueko zerbitzuan, 60 minutuko maiztasuna edo handiagoa duten lineak ez dira aldatuko; 20 minututik beherako lineetan maiztasuna 30 minutukoa izatera igaroko da; eta gainerakoak 60 minutuko maiztasuna izatera igaroko dira.
Uztailaren 5ean, larunbata, ohiko laneguneko puntako orduko gutxieneko zerbitzua (% 60) emango litzateke etengabe eguneko zerbitzu osoan. Hilaren 5eko gaueko zerbitzuan, grebak maiztasun handiko eta ertaineko lineei besterik ez die eragingo, denak 30 minutuko maiztasunarekin aritzera igaroko baitira. Linea bakar batek ere ez du egun horretan 30 minututik gorako igarotze-tartea izango, era arruntean hala definituta dagoenak izan ezik.
Sanferminetan (uztailaren 6tik 14ra), gutxieneko zerbitzuak % 70ekoak izango lirateke egunero, bai gaueko zerbitzuan eta bai egunekoan ere.
Aurreikusitako grebak lanegun batean hiri-garraioan, aldi horretan, egiten diren 150.000 bidaiei baino gehiagori eragingo die uztailaren 2tik 5era eguneko. Sanferminetan, oro har, egunean 200.000 bidaiari baino gehiagori eragingo lieke batez beste.
Zerbitzuaren xehetasunak billabesetan eta Hiri Garraioaren webgunean (www.tuvillavesa.es/eu) kontsultatu ahal izango dira.
Gehiago
Gehiengo sindikalak Nafarroarako Gutxieneko Soldata propioaren aldeko aldarrikapena Parlamentura eraman dute
LABek Manuel Torres enpresaburuaren Urrezko Domina berriz aztertzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari, bere negozioak Palestinako genozidioan izan dezakeen inplikazioa argitu arte
