Dena lotuta, ongi lotuta ere!
2014-ko apirilak 23
Barcina buru duen UPNko gobernuak hurrengo Foru Hauteskundeak heldu aurretik dena lotuta uzteko prest ageri da. Izan ere, asteotan bi albiste txarraren berri izan dugu. Lehena, Nafarroako ubidearen lehen fasearen luzapena egiteko lanak esleitu dituztena, pagotxa ederra kontratua lortu duten OHL-AGBAR enpresentzat!. Handik egun eskasetara beste berri batek aztoratu gaitu: AHTko nafar korridorearen Alesbes-Erriberri eta Erriberri-Tafalla azpitarteak egin ahal izateko desjabetza prozedurari argi berdea eman izan diotena. Bi azpitarte horiek burutuz gero 60 km.ko Nafar AHT Txu Txuren erdia baino gehiago egina legoke.
Foru Hauteskundeak iritsi aitzin horra hor lotu nahi dutena: Nafarroako zein Madrilgo beraien lagunen enpreseei Nafarroako azpiegitura lan handienak ematea, hurrengo gobernua lanak segitzera kondenatuz eta Nafarroa txikitzeaz gain urte luzez zorpean utziz.
Azpiegitura hauek, biak ala biak, Nafarroan sekulan egin diren suntsitzaileenak dira, ekonomia, jendarte zein ingurugiroari dagokienean eta ez dute inolako onurarik sortzen. Txaro Brinquis ikertzaileak ondorioztatu bezala, Nafar ubidearen lehen fasea zulo beltz ekonomiko larria izan da, ureztatze sistemak martxan jarriz geroztik ez dutela inoiz gastatutako dirutza berreskuratuko argi ta garbi gelditu bait da. Zer esanik ez AHTrekin gertatuko litzatekeena. Euren ikuspuntu teknokratikoetatik begiratuta AHT errentagarria da bakar bakarrik urteko 5-6 milioi bidaiaritik gora garraiatzen dituenean. Aurreikuspen baikorrenaren arabera, Nafarroan ez litzateke 600.000tik pasatuko.
UPNko politikariek (baita PSNkoek ere) Nafarroararen alde atsedenik hartu gabe lan egiten dutela esan ohi dute behin eta berriz. Beraiek baino nabarristagorik ez omen dago. Errealitate gordina bestelakoa da. Azken urte hauetan Nafarroa ekonomikoki zein ekologikoki suntsitzeko ez dute atsedenik hartu. Eta ikusten dugunaren arabera, ezta hartuko ere!. CANen auzian nabarmendu bezala, duten helburu bakarra euren sakelak eta euren lagunenak betetzea da. Horregatik, Foru Hauteskundeak iritsi aitzin horra hor lotu nahi dutena: Nafarroako zein Madrilgo beraien lagunen enpreseei Nafarroako azpiegitura lan handienak ematea, hurrengo gobernua lanak segitzera kondenatuz eta Nafarroa txikitzeaz gain urte luzez zorpean utziz.
Erderaz esaten den bezala, ¡Hay amores que matan! Mesedez, ez maitatu Nafarroa horrenbeste eta utzi pakean betiko!