Lander F. Arroiabe eta German Montoiaren erakusketa

2014-ko martxoak 26

Dormitaleria 54 Iruñeako izen bereko kale lasaian dagoen denda-proiektu interesgarria da. Ezagutzen ez duzuenok kanpoko horman duen grafittiagatik topatuko duzue, etxebarruko paper dotore baten interpretazio urdina. Lokalaren idazkunaren estetika ere oso zaindua dago, kartel zaharra mantendu dutelako eta berria erantsi, eta betean asmatu duten heinean  tokiko tipografia  bilduma grafikoan sartu zitekeen lasai asko.

Barruan topatu dezakeguna anitza da, artisautza eta artea merke: dena etxekoa, opari politak, kapritxo interesgarriak, merkatu politikan gure harea-pikorra jartzeko beste modu bat.

Hilabete honetan gainera, eta apirilaren 2ra arte bi proposamen artistiko ditugu erakusgai. Lokalaren atzeko partean Lander F. Arroyaberen txuribeltzezko argazkiak daude perfekzio geometrikoan zintzilikatuta, egur zaharrarekin egindako markuz  babesturik.  Lan txukuna, ongi aurkeztua, izenburu euskaldunez lagunduta.

Gure argazkilariaren begirada zine zuzendari artistiko batena da: eszenatoki sujerenteak, kokapen estrategikoak eta istoriaz betetzeko paisaiak. Fotograma umilen edertasuna, pretensiorik gabeko formen poetika horrek irudi barrura garamatza. Landerren imaginarioak argazkien metadatuak alde batera uztea eskatzen digu: hemen egon gaitezke, edo han, orain edo aurreko mendean, eta horrek ematen dio osotasuna erakusketari.

Arroyabe prentsa-argazkilaria da lanbidez eta euskal komunikabideetarako lanean ibili da hainbat urtetan, era berean, artista multianitza, Flakutt proiektu esperimentalaren parte izan da, bideoproiekzioak eta musika elektronikoa txalapartaren musika tradizionalaz fusionatzen zuena.

Erakusketaren bigarren artista German Montoia da. Honek monotipia potente batzuk eskaintzen dizkigu: abstraktuak, estetikoak, espresionistak; grabatu tradizionalaren disziplinatik urrun, seriatu gabeko bilduma gorria osatzen dutena.

Egilearen hitzetan makinek teknikoki amaiera perfektuak eskeintzen diguten garai hontan soluzio askeago baten bila joan da, akatzaren edertasuna, estanpazioaren esku-prozeduran  sortzen diren anomalia eta irregulartasunak goratuz.

Gehiago