“Bi t’erdi”, Hatortxurockekin bat egin eta auzolanerako deia egiteko kanta
2025-ko apirilak 15
Uztailaren 24tik 27ra bitarte Lakuntzan ospatuko du 30. edizioa Hatortxurock musika jaialdiak. 26 urtez auzolanean eraiki den jaialdia da HTX “eta ondare hori azpimarratzeko baliatu nahi dugu azken edizioa”, diote antolatzaileek. Uztailean 7.049 txanda bete beharko dira jaialdia aurrera eramateko eta helburu horrekin ari dira lanean jendea txandetara erakartzeko.
Pasa den larunbatean Lakuntzako Beriain gunean egindako “Jantzi petoa” agerraldia eta gero, auzolana balioan jarri eta txanda bat egitera dei egiteko “Bi t’erdi” kantua aurkeztu dute orain. Kantua bera ere, auzolanean sortua. Mattin Zeberio, Malentxo Zeberio, Maitane Iruin, Pello Reparaz, Juantxo Arakama, Betti Albor eta Battitt Etchart dira letraren sorkuntzan aritu diren musikariak. Mauleko Txingili’K taldearen eta Patxi Cazenave Maskakeko abeslariaren ahotsak gehitu zaizkie egitasmoari.
“Bakarrik gutxi egin dezakegu, elkarrekin gehiago gara. Norbanakoen batura baino handiagoa da auzolanaren indarra. 1 + 1 bi t’erdi da”, azaldu dute kantuaren izenburuari erreferentzia eginez.
“26 urte, 30 edizio eta agur bat. Preso eta errepresaliatu politikoen senide eta lagunen zama arintzea izan da Hatortxu Rocken helburua. Orain, ate itxi batek hamaika leiho berri zabaldu beharko ditu. Auzolana da gure ondarea; izan dadila etorkizunaren giltza”, gehitu dute.
“Bi t’erdi”
Zuk heldu bat, nik beste bat,
orain abiatzeko bagara lau.
Nahi beste gau.
Nahi beste gau.Zuk ardoa, nik zilarra,
elkar helduta bi t’erdi gara.
Batera bi t’erdi gara.Argi printza bateko puntu urdin zurbil
batean
milaka milioi txiki dituzte handi gutxik
jaten.
Posible da beste mundu bat baina ez da
esaten.
Ez dago bakerik baldin badago gerra
klaseen artean.Ezpainetan kolore falta, dardarka hezurrak.
Piztia beti da piztia nahiz eta aldatu ikurrak.
Bi t’erdi gara.Zuk heldu bat, nik beste bat…
Bat, bi, lau, zortzi. Bat, bi, lau, zortzi… (x)
Bat, bi, lau, zortzi, hamasei, hogeita
hamabi.
Bakoitzari bere beharren arabera,
bakoitzak daukana jarri.
Denak gara eta bakarrak, inor ez da bat
bakarrik.
Zure askatasunak askatzen nau ni.Zure berdina ez da zure etsaia,
Lakuntzan gaude ahizpa eta anaiak.
Inor bidean ez uzteko bide bakarra.
Hator, auzolanaren indarra.Badator hotza.
Bi térdi gara.Zuk heldu bat, nik beste bat…
Bat, bi, lau, zortzi. Bat, bi, lau, zortzi…Bi t’erdi gara.
