Mikel Zabalza oroituko dute azaroaren 21an egia, justizia eta aitortza aldarrikatuz

Garraldan ekitaldi bat antolatu du Mikel Zabalza Herri Ekimenak bere hilketaren 30. urtemugan.

2015-ko azaroak 6

Aurki beteko dira 30 urte Goardia Zibilak Mikel Zabalza atxilotu eta inkomunikatu zuela, terrorismoaren kontrako legea baliatuz.

1985eko azaroaren 26an gertatu zen, eta Mikel bizirik ikusi zuten azken eguna izan zen. Goardia Zibilak eta Barne Ministerioak eman zuten eta oraindik mantentzen duten bertsio ofizialaren arabera,  Zabalzak alde egin zien Endarlatsan, zenbait guardia zibilekin baten bila joaten ziren bitartean. 20 egun geroago, bere gorpua Bidasoa ibaian agertu zen.

"Orduan ez genuen sinetsi eman zuten bertsio hura, eta oraindik ez dugu sinesten ere. Horregatik, egia eskatzen dugu: Zer gertatu zen? Zer egin zuten Mikelekin?", galdetu dute bere senide eta lagunek.

"30 urte hauetan ukapena eta isiltasuna izan dira nagusi. 30 urte hauetan gezurretan aritu dira,  bertsio ofiziala defendatzeko; 30 urte hauetan, instituzio judizialek mesprezua ageri dute eta  Estatuko eta Nafarroa “ofizial” haren aparatu guztiek oztopoak jarri dituzte", salatu dute.

 

Oroimena, bizirik

Urte guzti hauetan zehar, senideek, lagunek, auzokideek eta Aezkoako instituzioek bizirik mantendu dute Mikelen memoria, eta, aukera izan duten bakoitzean, salatu dute "Euskal Herrian tortura aplikatu dela inpunitate osoz".

Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenak 30. urteurren honetan, oroitzapen ekitaldi berezi bat antolatu du. "Bertan, argi eta garbi erranen dugu memoria dugula, ez dugula ahaztuko eta egia aldarrikatzen jarraitzen dugula", esan dute. Baina, atzera begiratzeaz gain, Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenak aurrera begiratu nahi du ere. "Bizi dugun auzia betiko konpontzearen aldeko dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, eta, horretarako, beharrezkoa da biktima guztiak aitortzea", azpimarratu dute.

Auzia ez dela itxiko eta "benetako bakea" ez dela lortuko "biktima guztiak aitortzen ez badira, justizia egiten ez bada eta erreparatzen ez bazaie".

Egia, justizia eta erreparazioa eskatzeko, heldu den azaroaren 21ean, 12:30ean, Garraldako Polikiroldegian omenaldi-ekitaldia eginen dute.

 

Gehiago