“Ikasleon Hitza” dinamikarekin ikasleriaren eskubideak bermatzen saiatuko dira

Ikasleen batasuna bilatzen duen dinamika berri honekin gaur egun pairatzen duten "zapalkuntzari" aurre egiteko asmoa erakutsi du ikasle talde batek. Ikasleen iritzia jasoko dute galdeketa baten bidez eta abenduan ikasleen aldarraikapen eta eskubidez osatutako adierazpena plazaratuko dute.

2015-ko urriak 29

Hezkuntza merkatuaren zerbitzuetara jartzen ari den prozesu bat martxan dagoela baieztatuz gero, ikasle mugimenduak "hezkuntzaren merkantilizazioa, elitizazioa eta segregazioa oinarri duten erreformak" salatu dituzte. Ildo berean, ezarritako murrizketak eta erroformak "ikasleok baldintza duinetan eta ikuspegi kritikoarekin ikasteko aukera ukatzen jarraituko" dutela iragarri dute.

Nafarroan, gainera D ereduko ikasleek jasaten duten diskriminazioa azpimarratzen dute. "Lanbide Heziketetan zein Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskaraz ikasteko aukera oso eskasa da", gogoratu dute.

"Erreforma eta diskriminazio hauen aurrean eginiko mobilizazioak eta argi erakutsi dugu ikasleria hezkuntza erreforma hauen aurka dagoela". Hala eta guztiz ere, ikasleen hitza ez dute haintzat hartu eta erreformen aplikazio mailakatuan jarraitzen dute.

Honen aurrean, ikasleria ez da geldirik geratu, eta Nafarroako hainbat ikasle kolektibo ezberdin bildu dira "hezkuntzak behar duen eraldaketa sakona emateko". Eta horretarako “Ikasleon Hitza” dinamika bat sortu dute, ikasleon benetazko beharrak zein diren aztertzeko eta hauek bermatzeko.

"Ikasleon ahalduntzerako tresna bat sortzea beharrezkoa ikusi dugu, egunerokotasunean ukatzen zaigun erabakitzeko eskubideari aurre egiteko. Horretarako inoiz baino gehiago ikasleon batasuna beharrezkoa dugu", gaineratu dute. "Ikasleak subjektu pasibo eta akritiko izatetik, kritiko eta iraultzaile izatera pasa behar dugu", esan dute egindako agerraldian.

 

Galdeketa eta ondorengo adierazpena

Hego Euskal Herri osoan jarriko dira martxan prozesu hauek, lurralde bakoitzaren berezitazunei eta errealitate politikoa kontutan hartuz. Nafarroan, galdeketa baten bidez, ikasleek curriculuma, pedagogia, euskara, parte hartzea eta baldintza duinetan ikasteko aukerak, egoera eta beharrak ezagutuko dituzte. Eta abenduan, bertatik aterateako ondorioekin, ikasleen aldarraikapen eta eskubidez osatutako adierazpena plazaratuko dute.

 

Gehiago