Auzitegiak erabaki du Polizia Nazionalaren erakusketa Ziudadelan izan behar duela

Iruñeko udalak erakusketa lekuz aldatzeko prozedura ez duela behar bezala justifikatu eta bete azaldu du epaileak.

2015-ko urriak 9

Nafarroako auzitegiak arrazoia eman dio Fiskalak jarritako helegiteari eta ontzat jo du Barne Ministerioak antolatutako Polizia Espainolaren omenezko erakusketa Ziudadelako Armen Aretoan izateari.

Izan ere, EH Bildu, Aranzadi, Ezkerra eta Geroa Baik osatzen duten Udal Gobernuak abuztuan erabaki zuen Ziudadelako aretoak ekimen artistikoetara mugatuko zirela haien helburua Ziudadela “disziplina anitzeko sormen fabrika” bihurtzea dela argudiatuta. Hala jasotzen du beren akordio programatikoak.

Udal Gobernuak adierazi du epailearen erabakia beteko duela baina ez dagoela erabakiarekin ados. Horrekin batera, Udalak bere espazio eta zerbitzuak arautzeko eskubidea aldarrikatu nahi izan du.

UPNren herentzia ozpindua
Barne Ministerioarekin Polizia Nazionalari buruzko esposaketa hau urriaren 19tik azaroaren 2ra Ziudadelan ezartzeko hitzarmena UPNk udal gobernu berriari utzitako herentzia ozpindutzat hartu dute. Izan ere, Mayak jarduneko alkate zela sinatu zuen akordioa, hau da, maiatzeko hauteskundeen geroztik eta Asironek alkatetza eskuratu baino 5 egun lehenago.

Udal Gobernu berriak kritikatu du UPNk “ezkutuan” egin zuela hitzarmen hau, publiko egin gabe eta gainerako udal taldeak abisatu gabe. Beste hiri batzuetan, Madril, Bilbo edo Palma de Mallorcan kasu, esposaketa bera Barne Ministerioaren lokaletan izan da.

Gehiago