Nanoko langileek aho batez berretsi dute 120 lanpostuak mantentzearen eta enpresaren jarraitutasunaren aldeko apustua
Nano Automotiveko langileek salatu dute Nafarroako Gobernuak alde batera utzi izana, eta langileen profesionaltasuna egiaztatzeko agiriak besterik ez egin izana.
2025-ko martxoak 14

Joan den hilean enpresa likidazio fasean zegoela iragarri ondoren, Nano Automotiveko langileak batzarrean bildu ziren atzo egoera aztertzeko eta enplegua babesteko egin beharreko hurrengo urratsak adosteko. “Nanoko langileek argi dute ez dutela etsiko eta beren lanpostuengatik borrokatuko dutela”, dio ELA sindikatuak ohar bidez.
SKFk Nano Automotive enpresaren egungo egoeran duen erantzukizuna agerikoa dela iritzi dio sindikatuak. “Ildo horretan, Enpresa Batzordeak borrokatuko du SKF ez dadin prozeduratik kanpo gelditu. Era berean, uste dute Nafarroako Gobernua ere ezin duela alde batera gelditu, langileekiko eta Nafarroako herritar guztiekiko erantzukizunetik, eta enplegua mantentzearen alde egin behar duela. Nafarroako erriberan 120 lanpostu suntsitu dira enpresen interesen mesedetan, eta Nafarroako gobernuaren erantzun bakarra Nanoko langileen akreditazio profesionalaren agiriak egitea izatea ez da onargarria”, salatu du ELAk.
Nano Automotiveko langileek 120 lanpostuak mantentzeko beharrezko ekintza guztiak egitea erabaki dutela ere aurreratu du ELAk, eta prozedura horretan agente arduradun guztiak inplikatzea erabaki dute.