Pasaiako segadan hildakoen gurasoak omenduko dituzte, gertaeren 41. urteurreneko ekitaldian

Martxoaren 22an beteko dira 41 urte Espainiako segurtasun indarrek hil zituztela Dioni Aizpuru, Jose Mari Izura, Rafa Delas eta Pedro Mari Isart. Hildako haien azken gurasoa aurten hil dela gogoratuko dute, "inolako justizia eta aitortza ofizialik ikusi gabe". Ekitaldia martxoaren 22an, larunbatez, 19:00etan izango da Azoka Plazan.

2025-ko martxoak 14

Iturria: Azpeitiaguka.eus

Martxoaren 22an 41 urte beteko dira Espainiako segurtasun indarrek Pasaiako badian Komando Autonomo Antikapitalistako kide ziren Dioni Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Jose Mari Izura Pelu eta Rafael Delas Txapas iruindarrak hil zituztenetik. Ordutik, hildakoen gurasoek eta senideek Pasaiako segadan gertatutakoak argitzeko nahiz justizia eta aitortza aldarrikatu dituzte.

Pasaiako segadaren urteurreneko ekitaldia martxoaren 22rako antolatu du Azpeitiko Azoka Plazan (19:00) Pasaiako Sarraski Argitu taldeak. Aurtengoan “omenaldi berezia” egingo diete Pasaian hil zituztenen gurasoei: “Izan ere, orain dela gutxi hil da Maria Pilar Arbelaitz Pasaiako sarraskian hildakoen  azken gurasoa inolako justizia eta aitortza ofizialik ezagutu gabe”. Senideez gainera, Anarik eta herriko dantzariek parte hartuko dute hilaren 22ko ekitaldian.

Pasaian hildakoen gurasoak omentzearekin batera, egia, justizia eta aitortza aldarrikatuko dituzte 41. urtemugaren bueltan antolatu duten ekitaldian. “Pasaian hildako gazteen guraso guztiak joan dira, eta bizi izan ziren bitartean, ez zuten ez justiziarik ez errekonozimendurik ezagutu. Senideek sarri aldarrikatu dute, beranduegi izan baino lehen etorri behar dutela justiziak eta errokonozimenduak”, adierazi du ohar bidez Pasaiako Sarraskia Argitu taldeak.

“Oroigarriak erasotuak”

Pasaiako segadan hildakoen senideek justizia eskatzeko borrokan jarraitzen duten bitartean, urteetan sarraskia argitzeko eskatzeko oroigarriak “etengabe erasotuak” izan direla salatu dute Pasaian hildakoen senideek. “Esaterako, duela hilabete gutxi hildakoen omenezko plaka erasotua izan zen. Erasoen aurrean, indarrak bildu eta sarraskia argitzea inoiz baino ozenago eskatzeko ordua da”, adierazi dute azken erasoa gogora ekarriz.

Gehiago