Hautagaitza bateratua helburu duten 2 ekimenek bat egingo dute datorren astean

Hauteskunde orokorrei begira bi ekimen sortu dira abuztuan. Bi ekimenen bateratzearen bezperatan, Candidaturaunitaria.eus ekimenaren bultzatzaileek asanblada irekia burutuko dute larunbat honetan.

2015-ko irailak 3

Azken egunetan, hauteskunde orokorrei begira sortutako bi dinamika hauek kontaktuak izan dituzte eta, azaldu duten moduan, une politikoaren analisian eta hautagaitza bateratuak defendatu beharreko edukietan bat egiten dute.

Adostasun zabala ikusita, batzar hiritar ireki eta komun bat antolatu dute datorren astearterako, irailak 8, 18:00etan Iruñeko Alde Zaharreko Kaldereria Aretoan. Bilkura honetan bi ekimenak batu eta bideorri bateratua marraztuko dutela aurreikusten da.

Candidaturaunitaria.eus
Bi ekimen bateratzaile horietako bat “Garai berri baterako hautagaitza bateratzailearen aldeko agiria” da. Abuztuaren hasieran Nafarroako eremu eta pentsaera ezberdineko 25 pertsonek aurkeztu zuten eta hura aurkeztu zutenetik ekimenak emaitza oparoa izan duela adierazi dute.

Candidaturaunitaria.eus web gunean Nafarroa osoko 200 pertsona baino gehiagok sinatu dute agiria, zeinak gainera “eremu sozial, ideologiko eta oso anitzetatik” etorriak dira bultzatzaileen esanetan, baita eskualde guztietatik ere.

Sinatzaile guztiei begira batzar irekia prestatu dute larunbat honetarako orain arte egindako lana aztertu, bi ekimenen bateratzea baloratu, “Nafarroako jendartearen gehiengoak nahi duen hautagaitza bateratzailea” osatzeko helburua lortzeari begira datozen asteotan egin beharreko lana adosteko.

Hitzordua Errekoleta kaleko Iruñezar Euskatelgian 11:30ean izango da.

Gehiago