Askapenaren aurkako epaiketa gaur hasiko da, eta elkartasun mobilizazioak antolatu dituzte
Urriaren 31n Madrilen epaiketa politikoen aurka egingo duten manifestazioan parte hartzera deitu du Eleak Mugimenduak.
2015-ko urriak 19
“Ikasturte politikoaren hasieran gauden honetan, salbuespenaren eta oinarrizko eskubide zibil eta politikoen egiturazko urraketaren argazkia helarazi nahi diogu euskal jendarteari”, azaldu dute Libre eta Eleak mugimenduetako kideek eta auzi desberdinetan inputatutako euskal herritarrek. Donostian egindako agerraldian bildu dira hurrengo hilabeteetan epaituak izango diren Askapena, Batasuna eta Ekineko kideak, jada Espainiako Auzitegi Nazionaletik pasa diren gazteak eta aurrerago pasa beharko duten Herrirakoak eta euskal presoen abokatuak. “Iragana, oraina eta etorkizuna hari batek lotua: salbuespen politikoen hari bidegabeak”, gaineratu dute.
Uste dute 2015eko urrian horrelako argazki bat posible izatea espainiar eta frantziar Estatuek konponbiderantz urratsak emateko duten borondate faltagatik dela: “Salbuespen iraunkorraren paradigma eta bere bitarteko judizial, polizial, politiko eta mediatikoak indarrean daude oraindik”. Egun Euskal Herrian existitzen den “biolentzia politiko antolatu bakarra” instituzionala dela azpimarratu dute, duela lau urte ETAk jardun armatua utzi zuenetik ez dituztelako salbuespenezko neurriak aldatu.
Disidentzia eskubidea kolokan
Botere gune desberdinetatik oinarrizko eskubideen aurka abiatutako “erasoen” zerrenda askoz “mardulagoa” dela ohartarazi dute. Besteak beste, alkateek eta txiolariek Espainiako Auzitegi Nazionaletik pasatzen jarraitzen dute, eta ‘riau-riau’-an parte hartu zuten iruindarrei eta Gasteizko Martxoaren 3an eserialdia burutu zuten gazteei urteetako espetxe zigorrak eskatzen dizkiete Nafarroa eta EAEko epaitegietako Fiskaltzek.
“Iraganean euskaldunen aurka garatutako salbuespen armategia ez indargabetzearekin nahikoa ez, eta disidentziaren aurkako arma berriak aurkezten jarraitzen dute”, azaldu dute Mozal Legeari eta Zigor Kodearen erreformari referentzia eginez. “Guztiok gaude are mehatxatuago”.
Uste dute disidentziarako eskubidea dela ukatzen dutena: hitzez eta ekintzez adieraztea edo eta antolatzea. “Eskubide zibil eta politikoak jendartean eragiteko ditugun erremintak dira”, baieztatu dute, “Dagoenaren aurka borrokatu eta errealitate berriak sortzeko erremintak”.
“Ustezko delituak” aldarri
Inputatuek jakinarazi dute beraien militantzia politikoa eta leporatzen dieten “ustezko delitua” aldarrikatzen jarraituko dutela: “Auzipetuok epaiketak eta espetxeratzeak otzantasunez eta etsituta onartu ditzagula nahi dute, baina ez dugu horrela egin eta ez dugu egingo aurrerantzean ere”. Bakoitzak berea defendatzen jarraituko du: internazionalismoa, independentzia, bakea, feminismoa, sozialismoa, presoen eta errefuxiatuen eskubideak etab.
Badakite bide horretan ez daudela bakarrik: “Herritar asko dago gurekin, ulertzen dutelako, gure planteamendu edo proiektu politikoekin ados edo ez egotetik haratago, oinarrizko eskubideak praktikatzeagatik epaitzen gaituztela”. Eta, ohartarazi dute, “guztien eskubideak” izanik, “herri osoaren ardura” dela horiek defendatzea.
Denen artean Euskal Herriko udazkena laranjaz tindatzera deitu dute, eta antolatuko dituzten ekintzetan parte hartzera gonbidatu dute oinarrizko eskubideen alde dagoen oro. Astelehenean elkarretaratzeak egingo dituzte Askapenaren aurkako epaiketaren harira, eta azaroaren 14 eta 15erako hamarnaka jarduera antolatu dute Hego Euskal Herri osoko Herriko Tabernetan.
Borrokarako deia
“Behartu ditzagun salbuespen iraunkorraren zaleak gure eskubideak errespetatzera”, adierazi dute borrokatzera deituz, “Gure esku dago ukazio horiek gainditzea”. Ohartarazi dute “boteretsuek” ez dutela inoiz onartu “borondate propioz edo gogo onez” pertsonak eta herriak beraien burua gobernatzen saiatzea, burujabe izatea. “Historiak erakusten digu borrokak eta praktika orokortuak bihurtzen duela delitu zena eskubide. Izan greba eskubidea, izan mobilizatzeko edo antolatzekoa”.
“Erasoen aurrean, defendatu ditzagun guztion artean guztionak diren eskubide zibil eta politikoak, nork egoki deritzon helburuen mesedetan praktikatu ditzan ondoren. Asko gara ideia horreki bat egiten dugunak, ideia horren alde konpromisoak hartzeko prest gaudenak”.
Manifestazioa Madrilen
Jakinarazi dute gaur bertan aurkeztuko dutela eragile desberdinek urriaren 31n Madrilen egingo duten manifestazioa, Euskal Herriarekin elkartasunez eta epaiketa politikoen aurka. “Herrien arteko elkartasuna sustatzeko eta gure eskubideak defendatzeko”, gatazkaren konponbidearen alde dagoen euskal herritar oro deitu dute mobilizazioan parte hartzera.